Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gorputza lantzeko eta ondarea ezagutzeko laborategia

Dokumentuaren akzioak

Gorputza lantzeko eta ondarea ezagutzeko laborategia

Egilea
Josu Artutxa Dorronsoro
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Altzo, Larraul
Mota
Albistea
Data
2024/09/10
Lotura
Ataria
Ana Barrantes eta Ion Estala sortzaileak, Goizane Alvarez Kultura diputatua, Iñaki Ugalde Mutiloako alkatea eta Maite Arana Laurraulgo alkatea, Donostian egindako aurkezpenean. LABO.EUS

Kultura Gipuzkoako landa-inguruetara gerturatzeko asmoz, Labo Geo topaketak egingo dituzte Larraulen eta Altzon.

2016an, Ana Barrantesek eta Ion Estalak, dantza, performance eta ikus-entzunezko Node konpainia sortu zuten Donostian. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuarekin lankidetzan, topaketa bereziak antolatu dituzte datozen asteburuetarako: Labo Geo, gorputza eta ondarea landa-inguruetan. Labo programa, arte eszenikoen erakusleihoa da, eta bere hirugarren proiektua izango da. Aurrez, Labo Go sorkuntza-prozesuak eta Labo XL Donostiako espazio berrien eta hizkera eszenikoen jaialdia burutu zituzten.

Dantza eta praktika garaikideak Gipuzkoako hedadura txikiko landa-udalerrietara eramatea izango da Labo Georen helburua. Eskaintzak zenbait ikuskizun eszeniko eta bitartekaritza-jarduera biltzen ditu. Modu horretara, kultura, ondarea eta partaidetza uztartuko dituzten jardunaldiak osatu dituzte. «Jarduera artistiko garaikideak hirietatik deszentralizatzea eta publiko eta espazio berriak sortzea nahi dugu, horiek inguruan zein komunitatean integratuta», adierazi dute antolatzaileek.

Gipuzkoako hiru udalerritan bina jarduera egingo dituzte, hiru asteburuz jarraian. Larunbatetan, mugimendu, ahots eta plastika tailer parte-hartzaileak egingo dituzte; igandeetan, berriz, arte eszenikoetako ikuskizunak eta udal ondareaz gozatzeko jardunaldiak. Larunbat honetan, irailak 14, emango diote hasiera ekimenari, Larraulen. Igandean, Borja Bordonabe aktore eta dantzari tolosarrak, Batu ikuskizuna egingo du, Myriam Perezekin batera. Irailaren 21ean eta 22an Mutiloan egingo dute topaketa. Bertan ere izango da Bordonabe; kasu horretan, bakarrik ariko da, Solo ikuskizunean. Azkenik, hilaren 28an eta 29an, Altzon elkartuko dira sortzaileak eta herritarrak.

Goizane Alvarez Kultura diputatuak aurkezpenean nabarmendu zuen Labo Geo ekimena «aukera bikaina» dela «kultura hiriburutik harago eraman eta herri txikietara gerturatzeko. Horrelako jarduerek, gure tokiko ondareari balioa emateaz gain, landa-udalerrietako kultura bizimodua aberasten dute. Funtsezkoa da jarduera artistiko garaikideak deszentralizatzea eta gipuzkoar guztiei kulturaz gozatzeko aukera eskaintzea haien gertuko inguruneetan».

Ion Estala Labo Geoko zuzendariak adierazi zuenez, lurraldeko artisten ikuskizunen jarraipena eta identifikazioa egin dute, talentu berrietan arreta jarrita, baina ibilbide luzeko konpainiei ere espazioa eman diete. «Proposamen garaikide eta berritzaileenetatik hasi, eta gure sustraietan eta ohituretan oinarritu direnetaraino, askotariko diziplinak batzen dituen programa zabala osatu dugu, erritmo handikoa. Dantza saio batez gozatzeko, zer agertoki hoberik gure herrietako ondarea eta ingurua baino?».

Ana Barrantes Labo Geoko produkzio-buruak azaldu zuen, tailer parte-hartzaileen bidez, herritarren eta sortzaileen artean elkarrizketarako gune bat sortzea nahiko luketela, «dantzarekiko sentikortasunerako une hezitzailea, eta, nola ez, gozatzekoa eta familia-giroan igarotzekoa. Biharamunean gertatuko denaren bezpera perfektua».

Autobus zerbitzua

Gipuzkoako herritarrak topaketetara joatera animatu dituzte. Joan-etorriak errazteko, gainera, doako autobus zerbitzua jarriko dute, igandeetan; aldez aurretik eman behar da izena Labo.eus webgunean. Bi geldialdi egingo ditu autobusak: 10:00etan Donostian, eta 10:30ean Tolosan, Rondilla kaleko 34. zenbakian, musika eskola parean.

Ibilbidean zehar, performance-aren bidez, helmugako udalerriari buruzko eta eguneko egitarauari buruzko informazioa emango zaie herritarrei. Behin herrian, tokiaz zein udal-ondareaz gozatuko dute lehenik, eta ondoren, dantza garaikideari bide emango diote, ordubetez. Amaieran, artisten, ikusleen eta antolatzaileen arteko topaketa bat antolatuko da, bizipenak elkarbanatzeko.

Antolatzaileek ziurtatu dutenez, «esperientzia aberasgarria izango da, eta Gipuzkoan kultura hainbestetan iristen ez den lekuetara eramango du. Horrela, herritarrek kultura baloratzea eta bertan parte-hartzea sustatuko dugu».

Dokumentuaren akzioak