Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gorputz biluzien lengoaia

Dokumentuaren akzioak

Gorputz biluzien lengoaia

Kritika, Other feature / Inexhib

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2004/10/31

Etxea izeneko konpainiaren eskutik Inexhib performance-a ikusi ostean, saihetsezina iruditzen zait BAD jaialdiaren hasieran ikusi baina toki faltagatik jaso barik geratu zen beste pieza bat komentatzea, bietan izan direlako gorputz biluziak protagonista nagusiak eta bakarrak, eta hainbat paralelotasun ezar daitezkeelako lan bien planteamenduen artean.



La Fundicion aretoan ikusi genuen Other feature lana dantza bezala sailkatuta etorri zitzaigun eta gaur Bilborocken izandakoak performance izena dakar. Hain dira meheak dantza berria eta performance-aren arteko mugak...! Dena dela, nik egoki deritzot proposamen bakoitzari jarritako izendapena, lan baten eta bestearen ñabardura txiki batzuk direla medio.



Gorputzen erabateko biluztasunean oinarritzen dira proposamen biak, eta gorputz-biluztasunarekin batera giza gorputza inguratzen duen ororen biluztasuna dator, ezinbestez, proposamen bien zintzotasunaren izenean. Kontua ez delako jada gorputza era zentzugabean erakustea. Kontua ez delako emakume edo gizon haragia agerian jartzea besterik gabe, ikusle despistatuak haren usainak erakarrita etorriko direlakoan.



Ez, lagunok. Dantza berriaren lengoaian gorputz biluziaren kontenplazioa esanguraz beteriko jarduera bihurtu da, eta jarduera sakon horretan ez dugu ez inolako dekorazioaren, ez musikaren, ez argiztapen bereziren beharrik, ohiko ikuskizunetan gertatzen den moduan. Ez gaudelako, azken finean, ohiko ikuskizun batean, baizik eta intentsitate handiko esperientzia baten aurrean, non gu aukeratuak izan garen artista, performer edo dantzariekin batera gurutzatzeko gorputzak ezarritako mugak, muga haien ostean dagoen eremu ez-esploratua esploratzeko eta denbora eta espazioaren dimentsioak tarte batez ahanzturan uzteko.La Fundicioneko Other feature-n lau emakume agertzen ziren, banaka, binaka, launaka, bizkarra emanez gehienetan eta eskortzo harrigarriak sortuz isiltasunean, edo, gehien jota, oso noizean behin entzuten ziren soinu elektroniko ahul batzuen laguntzaz. Bilborocken ikusi berri dugun Frederic Etxeberri eta Gloria Arasen gogoetan ez dago batere musikarik eta artistek ikusleen zenbait parte-hartze suaberekin garatu dute beren ibilbidea. Kasu bietan, baina, bizipen zirraragarri batean parte hartu izanaren sentsazioarekin irten gara.

Agus Perez

Dokumentuaren akzioak