Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gorka Duranek dantzari hasiberri onenaren saria jaso du

Dokumentuaren akzioak

Gorka Duranek dantzari hasiberri onenaren saria jaso du

Komunikabidea
Ataria
Tokia
Amasa-Villabona
Mota
Albistea
Data
2025/05/05
Lotura
Ataria

Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak dantzari hasiberri bati egiten dio aitortza urtero, eta billabonatarra da saria jaso duen bigarren dantzari gazteena. Atzo Donostian egindako galan jaso zuen aipamena.

Donostiako Viktoria Eugenia antzokiak Dantzaren Nazioarteko Eguneko XXVIII. gala hartu zuen atzo. Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak 1997tik antolatzen du ekitaldi hori, eta, urtero bezala, dantza estilo ugari erakusteaz gain, bertako dantzari eta konpainien lana nabarmendu du aurten ere. Tartean dantzari hasiberri onenaren aitortza eman diote Gorka Durani (Amasa-Villabona, 2004). Oinkari dantza taldean hasi zuen ibilbidea, hainbat eskola eta taldetan trebatu zen gero, eta Alemanian dabil iaztik, Wiesbadeneko Hessisches Staatsballett konpainian.

Ilusioz jaso du saria Duranek. Hamabigarren aldia izan da dantzari hasiberriei aitortza egin diela Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak eta aipamena jaso duen bigarren dantzari gazteena da billabonatarra. Aurretik, Alicia Amatrain, Jorge Nozal edota irakasle izan zuen Iker Murillok jaso izan dute aitortza.

Hiru urtetatik Oinkarin dantza tradizionalean jardun eta gero, 13 urterekin hasi zen Duran balletean trebatzen, Studio 24 Academyn, Iker Murillo eta Vitali Safronkie irakasle zituela. 2023an, dantza garaikideko ikasketak amaitu zituen Burgosko Ana Laguna Dantza Kontserbatorioan, eta, ondoren, bere ibilbide profesionala hasi zuen Valencia Dancing Forward konpainiarekin. Irlandako Ballet konpainian aritu ondoren, Hessisches Staatsballett taldean sartu zen 2024/25 denboraldian.

Atzoko Dantzaren Nazioarteko Eguneko galan Alberto Sagardia pianistari ere egin zioten aitortza, dantzarien laguntzaile bezala urte luzez egindako ibilbideagatik.

Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatutako gala izan zen atzokoa, eta, beste urte batez, bi saio izan ziren: 12:00etan bata eta 19:00etan bestea. Besteak beste, honako hauek parte hartu zuten: Jon Agirretxek, Cristina Casak, Alejandro Polok, Gaizka Moralesek, Mikel Aranak eta Uikan Dantza konpainiak, baita Madrilgo Dantza Profesionaleko Mariemma Errege Kontserbatorioak ere. 

Dokumentuaren akzioak