100 dantzari, 44 erraldoi eta Pamplonesa musika banda ikusiko ditugu taula gainean ekainaren 8an, Gora Musika umeentzako talde berriaren eskutik. Elkartasun jaialdi erraldoia prestatu dute Nafarroa Arenan, San Fermin aurreko giro betean egingo dena.
Koloretsua, bizia eta musikaz eta dantzaz beterikoa. Horrelako ikuskizuna prestatu du Gora Musikak, haurrentzako talde berriak. Bere lehenengo proiektua izango da. Oso berezia. Elkartasun jaialdia izango delako. Hunkituta zegoen gaur goizeko agerraldian Gora Musika taldeko kidea den Urko Oskoz. Hodei eta Ilargi Lizarraldeako neba-arrebak Batten izeneko gaixotasun arraroa dute. Bizi esperantza ez da oso handia eta hartu behar dituzten sendagaiak oso garestiak dira. Bi ume hauen gaixotasunaren berri emateko sortutako Hodeilargi izeneko elkartearentzat joango da sarreren diruaren zati bat. Alboko esklerosi amiotrofikoa dutenen alde lan egiten duen ANELA elkartearentzat ere joango da beste zati bat.
Nafarroa Arenako pistan 200 artista baino gehiago arituko dira ikuskizunari bizia eta kolorea ematen. Sorpresa asko egongo direla iragarri dute antolatzaileek eta lagun oso bereziez inguratuko dira: ikastola eta eskola desberdinetako 100 dantzari eta Iruñeko Aldezar, Mendillorri, Barañain, Ezpelur, Burlata, Atarrabia eta Bidasoako erraldoiak, 44 guztira. 20 kanta izango dira osotara, guztiak Pamplonesa musika bandak zuzenean joko dituenak.
Sanferminen aurreko giroa piztu nahi dute ikuskizunarekin eta ikusleei zuriz eta gorriz jantzita joatea eskatu diete. Nafarroa Arenako harmailak betetzea espero dute taldeko kideek. 8.000 sarrera jarri dituzte salgai eta ia erdiak saldu dira jada lehenengo astean. 14 eurotan eskuratu daitezke, Nafarroa Arenako webgunean.
Emanaldirako bideoklip berezia egin dute: