Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gonbidatuaren garrantzia

Dokumentuaren akzioak

Gonbidatuaren garrantzia

Komunikazioa. Ekografiak.
Egilea
Aritz Galarraga
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2013/03/16
Lotura
Berria

Bolada polita darama Bisitaria saioak: azken lau saioetatik lautan gonbidatuak izan dira Behe Bidasoa esaten dioten eskualde horretakoak. Julen Aginagalde eta Fermin Muguruza irundarrak lehenik, Aimar Irigoien hondarribiartua gero, eta azkena, joan den asteazkenean, Itziar Mendizabal hondarribiarra. Laurak Behe Bidasoa esaten dioten eskualde horretakoak, baina kurioski laurak ere eskualde horretatik kanpo elkarrizketatuak: Logroñon, Bartzelonan, Errezil sorterrian (Gipuzkoa), eta Londresen, hain zuzen. Eta ez da izango, jainko potzoloa, Behe Bidasoa esaten dioten eskualde hori ez delako polita. Eta eskualde kideak ikustea beti atsegin bada ere, azken emanaldiak egin dit ilusio berezia, Itziar Mendizabali eskainitakoak. London Royal Balleteko lehen bakarlaria, munduko dantzari klasikorik onenetakoa da, baina kurioski etxean ez da sobera ezaguna, ez behintzat Goenkale-ko figurante bat bezain. Baina, hara non, Bisitaria-ren inoizko daturik onenak izan dituen asteazkenekoak. Hala txiokatu du Xabier Euzkitze aurkezleak: «Hau poza gehienentzat ezezaguna den pertsona batekin audientzia markak haustea. Itziar Mendizabal, dantzari eta neska txundigarria».

Zein da ondorioa, beraz? Bada, bote lasterrean, audientzien ikuspuntu horretatik, izen ezaguna izatea bezain inportantea dela gonbidatu interesgarria aukeratzea —jakinik beste ikuspuntu batzuetatik askoz ere interesgarriagoa dela bigarren aukera hori—. Egin dezagun konparazio azkar bat, bestela. Hartu Xabi Alonsoren saioa —Alonso, futbol jokalari ultra ezaguna, ehizakin ezin irrikatsuagoa— eta Itziar Medizabal dantzariarena —publiko zabalarentzat ezezaguna, nahiz bere profesioan Alonso berean dagoen mailan berdinean egon, hau da, mundu mailako topean—. Alonsorena elkarrizketa soila izan zen, leku berean hasi eta buka, futbolariek ohikoa duten diskurtsoarekin. Mendizabalena, aldiz, bizia izan zen, zintzoa, goi mailako dantzari baten bizitza erakusten zuen, eta Londres, eta Euzkitzeren ingeles maila. Baldintza horiek guztiak kontuan hartuta, bietako ze programak funtzionatu du hobeto? Bada, nire begietara, zalantzarik gabe Mendizabalenak. Eta antza, baita ikus-entzuleen aurrean ere. Ez da Behe Bidasoa esaten dioten eskualde hori, baina ea zer esaten digun Erromatik Pello Zabalak datorren asteazkenean.

Dokumentuaren akzioak