Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gonbidatu bereziekin ospatuko du Errenteriak 20. Erromeria Eguna

Dokumentuaren akzioak

Gonbidatu bereziekin ospatuko du Errenteriak 20. Erromeria Eguna

Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi, Itsaso Elizagoien, Aiko taldea... Hogei urteko ibilbidean ondoan izan dituzten lagunekin eta gonbidatu bereziekin ospatuko du Ereintza dantza taldeak Errenteriako Erromeria Egunaren 20. urteurrena. Uztailaren 14an dantzaz eta musikaz beteko dira Errenteriako plaza eta karrikak, eta Vilafrancako «casteller»-en partaidetza ere izango da: hiru gunetan jasoko dute 250 pertsonaz osatutako giza gaztelua.
Egilea
Amalur Artola
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2018/07/05
Lotura
Naiz

Hogei urte beteko ditu aurten Errenteriako Erromeria Egunak eta bi hamarkadatan zehar dantza karriketara ateratzeko egindako lana oroitarazten duen egitarauarekin ospatuko dute urteurren biribila. Hala azaldu zuten atzo Ereintza taldeko ordezkariek eta uztailaren 14an Erromeria Egunean parte hartuko duten zenbait musikari eta kantarik, egitaraua aurkezteko egin zuten prentsaurrekoan.

Alain Maya dantzariak gogora ekarri zuenez, Gipuzkoako Dantza Sueltoko Txapelketak 50. urteurrena betetzeaz batera, dantza arloan erreferentzialtasuna lortu zuen, baina dantza kalera atera behar zuela ondorioztatu zuten Ereintzako kideek eta hala sortu zen, orain hogei urte, lehen Erromeria Eguna. «Denbora honetan guztian, bilakaera izan dute dantzek, herri mailan ere ikastaroak antolatu dira eta urtez urte joan gara ikusten plazetan dantzan gero eta jende gehiago ari dela», baieztatu zuen. Ereintzatik, dantza arlora «gauza berriak ekartzen» eta «garaira egokitzen» ahalegindu izan direla ziurtatu zuen eta, hala, unean Dantza Sueltoko Txapelketak bezala, Errenteriako Erromeria Egunak ere eskuratu du erreferentzialtasuna. Bide horretan egun berezi hori antolatzen lagundu dutenei eskerrak eman zizkien Ereintzako Juantxo Mayak, hasi kolaboratzaileetatik eta diru-ekarpenak egin dituzten saltokietaraino, «tokiko kulturaren alde lan egin nahi dugulako, eta haiek gabe ez ginatekeen gauden lekura ailegatuko».

Aurtengo osatu duten egitaraua xehatzen hasi aurretik, Mayak Vilafrancatik etorriko diren casteller-en partaidetza nabarmendu nahi izan zuen: «Guztira 250 pertsona etorriko dira, eta uste dut zirraragarria izango dela. Beraiek Euskal Herrira etortzeko interesa zuten eta lau herritan arituko dira, tartean Errenterian. Zortea dugu».

Alain Mayak gogora ekarri zuenez, orain hiru urte ere izan ziren casteller-ak Erromeria Egunean; izan ere, hori da aurtengo egitarauaren xedea: hogei urteotan alboan izan dituzten lagunekin ospatzea hogeigarren urteurrena. «Hogei urteotako laburpena izango da», nabarmendu zuen.

Gonbidatu bereziak

Eguneko beste ekitaldi nagusia 18.00etatik aurrera Zumardian egingo den erromeria da. Aurten lau gonbidatu berezi izango ditu: Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi eta Itsaso Elizagoien izango dira Aiko taldearekin eta lau musikarirekin batera (Andoitz Antzizar, Arkaitz Miner, Iñaki Letamendia eta Quico Puges) erromerian parte hartuko dutenak.

«Garai bateko trikipop-aren erakusgarri diren hiru pertsona eta egun Carlos Nuñezekin biran dabilen Itsaso Elizagoien ekartzea lortu dugu», nabarmendu zuen Antzizarrek, eta «era batera edo bestera» erromerian inoiz parte hartuak direla zehaztu zuen. «Bi ordu interesgarri izango ditugula uste dut», ziurtatu zuen.

Horiez gainera, Erromeria Eguna ondo ezagutzen duten Txorimaloak (Errenteria Musikaleko trikitilariak), Errenteriako gaiteroak, Oarsoaldeko txistulariak eta Zubietako joaldunak izango dira herria girotuko dutenak. Vilafrancako casteller-ek, 11.30ean hasita, hiru jasoaldi egingo dituzte (Koldo Mitxelena plazan, Xabier Olaskoaga plazan eta Zumardian) eta 12.00etatik aurrera Aiko taldearekin dantza-poteoa egingo da herrian zehar.

Erromeriaren aurretik herri bazkaria ere izango da, 14.30ean Koldo Mitxelena plazan (Esmalteria), 15 euroan (10 euro gaztetxoek). Sarrerak Ereintza elkartean (943526553), Arkaitza tabernan eta Paki dietetika zentroan eskura daitezke.

0705_kul_erromeria

Dokumentuaren akzioak