Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Golak nola ospatu

Dokumentuaren akzioak

Golak nola ospatu

Larrepetit

Albisteak txirikordatu egiten dira bata bestearekin, nahi gabe ere. Kukai dantza konpainiako kideek Max saria jaso ondoren esandakoek bakarrik ez dute dantza erdigunera ekarri, asteon. Atzo, egunkari honetan, Iker Tubiaren erreportajean, Gasteizko dantza kontserbatorioko Carmen Tercerok ez zuen zalantzarako tarterik utzi. Mutikoak dantzan hasi bai, baina laster uzten dute. Eta, gehienetan, babes falta (eta, are gehiago, baita aurkako presioa ere) da horren arrazoi: «Gurasoek, hezitzaileek eta lagunek huts egiten dute». Huts egiten diete, beraz. Inork huts egitea beti da gogorra, baina justu garai hauskor horretan...
Egilea
Manex Agirre
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2017/06/08
Lotura
Berria

Espekulatzen has gaitezen: «huts egiteko» arrazoiak mila izan daitezke. Bat, adibidez, «ezertarako balio ez duen» zerbaitetan sartu izana sinetsaraztea mutikoari. Helduarorako bidea zabaltzeko ikuspegi utilitarista, hain ezaguna gurean. Baina azpi-azpian dagoena, nola ez, genero-bazterkeriaren mamua da. Eta, notizien korapiloak badakar beste hari-mutur bat: eskola-jazarpenaren gaineko urteroko ikerketak 2016an emandako datuetan, DBHn, diskriminazio-arrazoien ehuneko altuena pertsona gaytzat hartzea da (% 19,2). Ez gay izatea, baizik eta gaytzat hartzea. Okurritu, 16 urterekin, dantzan hastea. Entzun beharko dituzu marikoi eta bestelakoak.

Dantza-eskoletako irakasleek aipatzen dute futbola, mutikoen aisialdia (eta ametsak, eta gustu estetikoak, eta ia dena) irensten dituen genero markatuko gargantua erraldoi gisa. Zer diren gauzak: aukera baduzue, begiratu youtuben 70eko hamarkadan gizonezko futbolariek golak ospatzeko zuten modua. Jauzi zalu horiek, besoak gora, ballet-eko pausoen pare. Tutua gerriratzea bakarrik falta zitzaien, benetan da ikuskizun ederra. A ze aldea, gaur egungo gaztetxoen eredu diren izarren keinu zakar, gorila-kutsukoekin. Eskerrak oraindik, gutxienez, elkar besarkatzen duten.

Dokumentuaren akzioak