Dokumentuaren akzioak
Goizaldeko salbak eta arratsaldeko dantza agerraldia izango dira Errebonbilloen osagai nagusiak
Urriko lehenengo domekan ospatzen den tradizioari eutsiko dio Elorriok aurten ere, Errebonbilloen jaiak ez diolako huts egingo urtero duen hitzorduari. Bizkaian mantentzen den armen alarde bakar horrek goizaldean eta arratsaldean egingo diren bi agerraldi nagusi izango baditu ere, kirola eta musika izango ditu eguneko egitarauaren gehigarri.
Kapitain baten aginduetara irtengo diren 15 eskopetari, bi txistulari eta atabal jole batek osatutako konpainiak, goizaldeko bostetan botako ditu lehen salbak Herriko plazan. Hortik aurrera kalez-kale ibiliko dira herrigune historikoa mugatzen duten gurutzeen parean eta eraikin esanguratsuen aurrean salba berriak botaz. Baita Alkateak agindutako toki baten eta armosua izango duten Tanger taberna aurreran ere.
Eguneko egitarauak jarraipena izango du goizeko 11.00etatik aurrera plazako frontoian jokatuko diren nesken gomazko paleta zirkuituko ‘MPB saria’ ren partiduekin.
Txistu kontzertua
Lehen norgehiagokan Ane Llaneza eta Kattalin Bizkarrak, Mairu Uriarte eta Uxue Agirresaroberen kontra jokatuko dute eta bigarrenean Nerea Díaz eta Idaira Oruesagastik Jone Escribano eta Leire Etxanorekin neurtuko dituzte indarrak. Jaialdia osatzen duen hirugarren partiduan, Aristorena eta Etxanizek osatutako bikoteak Goikoetxea eta Villanuevaren kontra jokatuko dute.
Eguerdiko 13.15ean Txistu kontzertua egongo da plazako agertokian eta ekitaldian Jaizaleko txistulariekin batera Durangoko Metalen Taldea eta Berrio-Otxoa abesbatza izango dira.
Bigarren agerraldia
Errebonbilloen bigarren agerraldia arratsaldeko bostak aldera hasiko da. Lehenengo kalejiran Arrosarioaren Ama Birjinaren prozesioa lagunduko dute hainbat salba joz irudiaren parean eta bigarren kalejira errebonbilloek bakarrik egingo dute, goizean egindakoaren antzerako kalejira eginez.
Ibilbidea amaitu ondoren Herriko plazara itzuliko da konpainia eta armak utzi eta gero dantza saioari ekingo diote. Agerraldia kapitainak eta atzeskuak eskainiko duten Desafioarekin hasiko da eta ondoren Banan-banakoa dantzatuko dute konpainiako partaide guztiak. Agerraldia Aurreskuarekin eta Zortzikoarekin jarraituko du, tartean herritarrak dantzan egiteko gonbidatzen dituztela.
Dantza saioari amaiera emateko Fandangoa, Arin-arina eta biribilketa eskainiko dituzte partaide guztiak.
Dokumentuaren akzioak