Dokumentuaren akzioak
Goi mailako dantzari gazteak, larunbatean Gezalan
Lezon izango diren dantzarietako asko, Elgoibarren egindako txapelketan. Argazkia: Murixka
Lezoko Aurresku Txapelketa jasoko du Gezala Auditoriumaren oholtzak bihar arratsaldean. Gipuzkoako Aurresku Ligako azken dantzaldia izango da aldi berean. Zehazki, 16:30ean hasiko dira izena emana duten 32 dantzariak euren trebezia epaimahaiko kideen eta publikoaren aurrean azaltzen. Dantzari horiek guztiak hiru sailetan banatu dituzte: Lezoko, eta Oarsoaldeko dantzari dezente daude horien artean, eta ligako aurreko saioen emaitzak ikusita, irabazteko faboritoen artean daude.
Lehenik eta behin B Sailekoek (2010-2012 urteen artean jaiotakoek) ekingo diote Hondarribia handia eta Segurako zortzikoa piezak dantzatzeari. Horien ondoren, D Sailekoen txanda (2008 eta 2009 urteetan jaiotakoak) izango da, Bretonio eta Aurkez aurke direlarik haiek dantzatu beharrekoak. Azkenik, A Sailekoek (2013-2015 urteen artean jaiotakoak dira) ekingo diote dantzaldiari; azken hauek erakustaldia egingo dute, ligatik at daude.
Lezoko dantzariei dagokienez, B Sailean Enara Artolak eta Ixone Lorenzok parte hartuko dute, eta Dn, berriz, Mikel Esnaolak eta Ihintza Erauskinek. Horiez gain, Mara Albistur, Izadi Arbelaitz eta Maiana Gracia errenteriarrak, eta Danel Castillo pasaitarra izango dira lehian, nor bere kategorian. Gainerakoak Gipuzkoako beste herri askotatik etorritakoak izango dira.
Euskal Herrikoak
Urtarrilaren 14an hasi zen Gipuzkoako Aurresku Liga. Horren barruko azken saioa da Lezokoa. Herrialdekoan hoberen sailkatzen direnek maiatzaren 14an Errenteria-Oreretan (A eta B sailekoak) eta 13an Legazpin (D sailekoak) jokatuko dituzte Euskal Herriko Gazte Mailako txapelketak.
Dokumentuaren akzioak