Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Goi dantzaren xarma

Dokumentuaren akzioak

Goi dantzaren xarma

Kritika, Bolshoi baleta

Egilea
Jesus Mari Begoña
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2003/12/23

Ustekabe atsegina eman digu Krasnodarreko Bolshoi baletak, eta inbidia, batera, 10 urtean talde berarekin Grigorovitx handiak lortu duen goi maila dantza klasikoaren munduan noiz izango ginateke gai, gurean, antzeko nazional baletarik lortzeko? Baiaderkak (emakume dantzaria Indiako tenpluetan) ez dauka partitura sendorik eta ekialdeko exotismo merkea du argudioan.



Baina, aldiz, 1877an estreinatu zen koreografia lehengo dantzaren sinfonismoa da, hau da, bertan azaltzen baitira oinarrizko posizio eta mugimenduak lengoaiaren hastapenak azken irudi eta urrats konplikatuenetara goranzko erritmo progresiboan. Horren adibide bikaina 3.ekitaldikoa izan zen taldearen ontasunaren erakusleihoa: Solor printzeak bere Nikija errefusatu ondoren, itzalen erreinura beraren bila joango da arranguraz beterik, Orfeo moduan. Mamuen mundu ilun horretan 24 dantzariak sakonetik irtenda jaitsi ziren sigi-saga doan pasagunetik zaila den Adagioa dantzatuz eta behin eta berriz arabesque penché eta cambré port de bras errepikatuz zonbien koordinazio biribilean . Benetan goi maila! Bigarren ekitaldian jendeak txalotu egin zuen Slavitskiren jettés ikusgarriak urrezko idoloaren aurrean edo Siftsovaren aldakiak.



Bakarlariak, bikain



Uneoro protagonistak bikain aritu ziren. Bakarkako aldakietan: Antonitxevak Baiaderka dotorea eta garbia dantzatu zuen eta Filinekin batera Pas de deux ona. Nabarmentzekoa da ere hiru itzalek dantzatu zuten pas de trois baltsaren ostean, relevé-passé, relevé-attitude cambré ikusgarriak.



Gabonetan mundu osoan gehien dantzatu den balet-pantomima Txaikoskiren Intxaur hauskailua da. Baiaderka-ren dantza-mailarik eduki ez arren libreto, musika eta dantzaren arteko sinkroniaren artelana da Hoffman-en Eguberriko ipuin sonatua. Grigorovitxek eskaini digun bertsioa klasikoa da, dotoretasunaz dantzatua, gozamena egin zaiguna. Virsalatze eszenografoak ipuinetako arropa zoragarriekin, dekoratu eta argiztatze arruntekin egoki islatu zuen neskato baten mundu errealetik emakumearen amets mundurako pasartea, hots, printze batekin ezkontzea irudimenezko erreinuan. Eredugarriak ziren taldeak egin zituen vals-ak, nazioarteko bikoteen aldakiak eta protagonisten azken pas de deux: Kniazkova delikatua Maria rolean, Daiong biribila printzearena dantzatzen. Oro har ikuskizun paregabea.

Dokumentuaren akzioak