Dokumentuaren akzioak
Gironako Mal Pelo hartuko du Dantzaldiak igandean
Kataluniako Sari Nazionala jaso du aurten konpainiak
«Ikerketa eta zehaztasuna. Baliteke bi horiek izatea Mal Pelokoen zeregin artistikoa ondoen islatzen duten kontzeptuak. Konpainiak hamar urte bete ditu aurten, soseguz bete ere, poetika propioa garatzeari uko egin barik ikusleengana heltzen jakin baitu». Urrats txikiak eman behar dira, txikiak baina etengabeak, horretan dago arrakastaren gakoa. Teresa Sese kazetariak hain ondo deskribatu bezala Mal Pelo. L animal a l esquena de Maria Muñoz i Pep Ramis, formatu txikiko ikuskizunekin hasi zuen Mal Pelok bere ibilbidea. Quarere, Lucas, Sur edo Perros del sur obretan arrandiarik ezagutzen ez duen estilo intimista eta sinplearen berri eman zuten. Gerora etorri diren La calle imaginero, Orache edo El alma del bicho-k adierazkortasunean eta mugimenduan irabazi badute ere, leial mantendu zaizkio hasierako planteamenduari. «Mal Peloren lan eszeniko anitzetan dantzaz bakarrik hitz egitea murrizgarriegia litzateke, itzulipurdi ikusgarriek edo joko fetitxistek ez dute tokirik; aitzitik, beren obrak gizakiaren, haren harremanen, ametsen eta eguneroko bizipenen inguruko gogoeta zorrotzaren isla dira. Gizakion poztasun eta miseriak, horrelako kontuak zeinen hauskorrak diren batek erabiliko lukeen ironia samurrarekin azaltzen dituzte; ez dira haiek agertokiko argi efektuen atzean ezkutatzen ahalegintzen».
Barruan daramagun animalia
Kronologikoki azken tokian, metodologikoki aurreko bi epeen artean kokatzen da L animal a l esquena. Maria Muñozek eta Pep Ramisek taldearen sustatzaile eta ardatz zuzendu eta interpretatu duten azken obra zazpi eszenatan garatzen da. Bizitzatik heriotzara daramaten zazpi pasarte dira, hain zuzen, eta, haietatik, maitasunak lotu dituen pertsonaia bi igaroko dira. «Gizakia gauza guztien neurria dugu, baina, egiazki, barruan daraman animalia senak uzten dio bere gizatasuna ezagutzen», dio Mal Pelok. «Bizkarrean daramagun animalia imajinatu. Errorik gabeko animalia da, maite izan dugun guztia gordeta duen bidaide ikusezin eta indartsua. Begien aurrean ordenarik gabeko elementuz beteriko mundua dugu. Animaliaren laguntzarekin, ordena lortzen dugu».
Mal Pelok Kataluniako Sari Nazionala jaso du aurten. Dantzaldiaren barruan, konpainiak Lanimal a l esquena aurkeztuko du igandean, Euskalduna jauregian. Taldearen lan artistikoa elikatu duten gaiak aztertzeko xedearekin, 2000. urtean hasitako proiektuaren emaitza da L animal a l esquena. Ikuskizunarekin batera, taldeak erakusketa bat eta liburu bat egin ditu.
Dokumentuaren akzioak