Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Giro ezin hobean amaitu dira Oiartzungo ihoteak

Dokumentuaren akzioak

Giro ezin hobean amaitu dira Oiartzungo ihoteak

Elizalde Herri eskolako karroxak protagonismo berezia izan zuen atzo

Intxixu eta sorginak Aiako Harritik Doneztebe plazara jaitsi bezala, berriz ere itzuli dira Kataxulora, euren gordelekura. Aurtengo Ihoteek ere makina bat herritar erakarri dituzte eta atzo ere horrela gertatu zen, nahiz eta oso giro hotza izan.
Egilea
Goizarin
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2015/02/09
Lotura
Diario Vasco

Goiz goizetik hasi zen festa atzo. Lartaungo txistulariak ibili ziren Diana jotzen, herritarrak esnatzeko asmoz. Gero, Elizalde Herri eskolako partaideek hartu zuten festaren lekukoa, desfile ederra atonduz. Eskolatik abiatu eta Belutenetik barrena herriraino iritsi ziren. Bidean dantza, abestia eta antzerkia tartekatu zituzten, inguruko ikusleak alaituz. Hantxe ikus zitezkeen sorginak, intxixuak. ederki apainduak. Aurreko asteetan egindako jantziak primeran luzitu zituzten, bai horixe. Guraso talde batek ere ez zuen huts egin eta dantza alaiak eskaini zituzten bidean zehar. Giro polita jarri zuten guztiek eta Ihoteetako igande goiza ederki animatu zuten.

Igande goizak protagonismo berezia hartu du azken hiru urteetan, Elizalde Eskolako Karroxari esker. Proiektu horretan, eskola komunitate guztiak du lekua, ikasle, irakasle eta gurasoak. Horrela, «ikasleek eskolan lantzen dutena (musika, bertsoak, antzerkia, trikitilariak eta eskulanak) zuzenean erakusteko aukera eskaini dugu», argitu zuen Andoitz Apaolaza Elizalde Eskolako zuzendariak.

Mutxikoak ere jarri zuten haien partea. Eguerdi partean, zakuz jantzita ederki aritu ziren astean zehar ikasitakoa erakusten. Bikain beste behin ere. Makina bat dantza ikusteko parada eskaini zuten. Hotzari aurre eginez, musikaz eta dantzaz busti zituzten gure herriko kaleak.

Arratsaldean, berriz, Intxixuek eta Sorginek izan ziren protagonista. Ordurako, herriko plaza mozorroen kolorearekin eta alaitasunarekin zipriztinduta zegoen. Jendea erruz bildu zen Doneztebe plazan, Intxixuen eta Sorginen dantzak eta ibilerak ikusteko irrikaz. Haien dantza saio ederrak ikus zitezkeen suaren inguruan. Nolanahi ere, herriko haur, gazte eta gaztetxoak ez ziren kikildu eta dantzan aritu ziren irribarretsu, alaitasun hori herritarren artean kutsatuz.

Iluntzean, Ihoteen abestia kantatu ondoren agurtu ziren Intxixu eta Sorginak hurrengo urtera arte, Kataxuloko bidea hartuz. Azkenik, suzko akerrak eman zien despedida aurtengo Ihoteei.

Belaunaldi aldaketa

Ihotearen festak 25. urteurrena bete du aurten. Urte horietan guztietan antolaketa lanetan buru-belarri ibili den Ihote Taldea berritzen joan da, gaur egun herriko gazteak partaide izanik. Belaunaldi aldaketa poliki-poliki joan da gauzatzen eta aurtengo Intxuetan nabarmena izan da.

Horren adibide da Gurutze auzoko Felix Galdos. Izan ere, azken hogeita lau urtetan bera ibili dela Intxixu jantziarekin. Galdos zen zortzi Intxixuen artean beteranoa, hain zuzen. Aurten bere semeak, Markel Galdosek, hartu du gurasoaren lekukoa. Ea beste hainbeste egiten dituen Gurutzeko gazteak. Bejondeizula!

Musika eta dantza nagusi Doneztebe plazan. / ARGAZKIAK: GOIZARIN

 

 

Dokumentuaren akzioak