Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Giro ederrean estreinatu dugu Dibertimentua

Dokumentuaren akzioak

Giro ederrean estreinatu dugu Dibertimentua

Komunikabidea
Añorga KKE
Mota
Albistea
Data
2022/02/28
Lotura
Añorga KKE

Joan zen larunbatean Dibertimentua egin genuen estreinakoz Añorgan. Otsaileko azkeneko asteburua izan arren, udaberriko giroa lagun, aspaldi ez bezalako giroa izan zen auzoan. 

Hiru geltoki goizean

Goizeko 10:00etan ekin genion Dibertimentuari, Añorga-Txikin. 80 lagunez osatutako komitibaren zain dozenaka lagun elkartu ziren goiko auzunean. Arkaitz Dantza Taldeko dantzarien emanaldiaren ondoren, Asier Azpiroz eta Unai Gaztelumendi bertsolariek saio atsegina eskaini zuten Añorga-Txikiko auzo elkarteko lagunek jan-edanez hornitutako mahaien parean. Alkatearen baimena jaso ondoren, mahai-inguruko tertulia gozoa izan genuen goizeko freskuran.

Hasierako taldera jende gehiago bilduta, giro atseginean egin genuen Karmengo Amarako bidea. Motxilak jantzita ibilaldi batean harrapatutako gazte talde despistatu bat ere batu zen gure koadrilara. Dantzarien, bertsolarien eta aktoreen  saioen ondoren, atseden hartzeko eta berriketarako tartea izan genuen Karmengo Aman.

Azkenik, eguerdiko 12:00etan, hirugarren geltokira iritsi ginen: Pedro Josera. Hango aparkalekutik jada jendea ikus zitekeen Añorgako Harrobiaren plazan, Dibertimentuaz gozatzeko lekua gordeta jada.

Emanaldi jendetsua eguerdian

Eguerdiko 13:00etan puntuan iritsi zen taldea Harrobiaren Plazara. Komitiba osoak bere lekua hartu zuen aspaldi ez bezalako irudia eskaintzen zuen plazan. Harmailetan eta eskaileretan eserita edo plazaren inguruan zutik zeuden ikusleek txaloka eta algaraka hartu zituzten Dibertimentuko protagonistak: dantzariak, bertsolariak, Giri eta bere taldea, Alkatea eta bere laguntzaileak, musikariak… Azkenean Giriri su eman eta “Herri zahar hau” kantatuz borobildu genuen goiz atsegina. Giriren larruarekin egindako zahagia goizuetarrei eskaini genien, Añorga ez baitzen gaur egun dena izango goizuetarrik gabe. 

Eguerdiko eguzki goxoa lagun, mahai bueltan bazkalduz nahiko tarte izan genuen aurten sortutako errituaren inguruan hizketan aritzeko.

Bide luze baten emaitza

Aspaldikoa zen Añorgan Dibertimentua egiteko ideia, nahiz eta aurtengora arte egiterik izan ez den. Irailean hasi zen aurtengoaren prestaketa eta 80 lagun baino gehiagok hartu dute parte. Etorkizunean ere elkarrekin aritzeko, sortzeko eta jolas egiteko gunea izan nahiko luke Dibertimentuak, eta Añorgari bere burua kontatzeko plaza bat eskaini nahiko lioke. Hala bedi!

Dokumentuaren akzioak