Dokumentuaren akzioak
Giro ederra laugarren Dantza Egunean
Dantza giroa izan zen nagusi larunbatean herrian. Orbeldi Dantza Taldeak antolatuta 4. Dantza Eguna ospatu zen eta goizetik gauera bitartean dantzak ikusi eta dantzan egiteko aukera paregabea izan zen. Eguraldiak ere lagundu zuen, euri askorik ez baitzuen egin, eta aurreko urteetan bezala giro ederra izan zen egun osoan zehar Dantza Egunaren inguruan.
Goizean 3 dantza talde desberdinetako euskal dantzak ikusi ahal izan ziren herriko hainbat tokitan. Iruñeko Ortzadar Dantza Taldea, Donostiako Goizaldi Dantza Taldea eta herriko Orbeldi Dantza Taldeko kideak izan ziren goiza alaitu zutenak. Kalejiran ibili ziren eguerdiko 12.00etatik aurrera eta kale Nagusian, Zubiaurrenean, Artzabalen eta Mikel Laboa plazan dantza desberdinak aurkeztu zituen talde bakoi-tzak. Orbeldi taldeari dagokionez, haurren taldeak eta dantza tradizionaleko taldeak izan ziren euren dan-tzak eskaini zituztenak. Guztiek batera herriko pilotalekuan eskaini zituzten hiru dantzekin amaitu zen goizeko ekimena.
Arratsaldean, berriz, giro bikaina izan zen herriko pilotalekuan. Aurreko urteetako formatua aldatu eta Ortzadar taldearekin erromeri gidatua izan zen 18:00etan hasita. Jauziak, polkak, fandango-arinarinak... izan zen zer ikasia eta zer dan-tzatua. Ia bi orduz jo ta ke dantzan ibili zen jendea gustura eta 'Larrain dantza' dantzatuz amaitu zen arratsaldeko ekitaldia.
Gauean, aldiz, Orbeldi Dantza Taldeak egun honetarako espreski sortutako 'Kanpaiak Jotzean' ikuskizuna taularatu zuen jendez leporaino beteta zegoen herriko pilotalekuan. Antzerkia eta dantzak uztartuz istorio polita kontatu zuten herriko dantzariek eta antzerkilariek. Hileta, ezkontza, taberna, sorginak... osagai ugari izan zituen 4. Dantza Egunari amaiera eman zion ekimenak.
Dokumentuaren akzioak