Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gipuzkoar estiloko agurra, kimuentzat

Dokumentuaren akzioak

Gipuzkoar estiloko agurra, kimuentzat

Amaitu da gaztetxoen arteko gipuzkoar erako aurresku txapelketa; Lur Lacasta, Danel Castillo eta Mikel Esnaola izan dira onenak, hiru mailetan. Inoiz baino parte hartzaile gehiago izan da aurten: 64.
Egilea
Kerman Garralda Zubimendi
Komunikabidea
Gipuzkaoko Hitza
Tokia
Gipuzkoa
Mota
Albistea
Data
2023/05/19
Lotura
Gipuzkaoko Hitza

Gipuzkoar estiloko agurra, kimuentzat

Bukatu da aurtengo gazte mailako gipuzkoar erako aurresku txapelketa, eta Lur Lacasta lezoarra (7 eta 9 urte artekoetan), Danel Castillo pasai donibanearra (10 eta 12 urte artekoetan) eta Mikel Esnaola lezoarra (13 eta 15 urte artekoetan) izan dira irabazleak. Aurreko urteetan baino dantzari gehiagok hartu dute parte aurten: 64 izan dira denera, adinaren arabera banatutako hiru multzotan. “Boladak izaten dira. Pandemiaren ondoren pixka bat jaitsita egon da kopurua, baina ari da gora egiten berriz”, esan du Ion Dorronsoro Legazpiko Sustraiak dantza taldeko kideak. “Badirudi gazteak animatzen hasi direla. Ea hala jarraitzen duten”. Dorronsorok “aho zapore onarekin” amaitu du txapelketa.

Gazte-gazteenak haurrak dira oraindik, 7 eta 9 urte bitartekoak. Horiek ez dute jokatzen aurretiko kanporaketarik, lehiari baino gehiago jendaurrean dantza egiteari ematen baitiote garrantzia. Hala, herriz herri ibili dira dantzan, eta guztiek egin zuten Errenteriako igandeko final nagusira jauzi. Zehazki, hamahiru dantzarik jokatu zuten finala. “Iaz bost izan ziren. Seinale ona da”, nabarmendu du Dorronsorok. Lacastaren atzetik sailkatu ziren Nora Lafuente legazpiarra eta Xalbat Maia errenteriarra.

B mailako finala jokatu zuten ondoren, 10 eta 12 urte bitartekoena. Legazpin, Villabona-Amasan, Elgoibarren, Oiartzunen eta Lezon ligaxka bat jokatu zuten horiek, eta 26 parte hartzaileetatik hamabi onenek parte hartu zuten finalean. Castillo, Enara Artola lezoarra eta Onditz Esnaola lizartzarra izan ziren hiru onenak.

Legazpin, berriz, D sailekoen finala jokatu zuten igandean. Zaharrenak dira horiek, 13 eta 15 urte bitartekoak. Horiek ere ligaxka bat jokatuko zuten Gipuzkoako hainbat herritan, eta hamalau onenek egin zuten final nagusira jauzi. Jurdi Errandonea andoaindarra eta Ihintza Erauskin lezoarra sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, Esnaolaren atzetik.

Oinarria erakusten

“Pausoak zuzen eta garbi egitea”, Dorronsororen hitzetan hori da txapelketan aurrean ibiltzeko gakoa. “Pausoek nolakoak izan behar duten idatzita dago, eta pauso horiek ondo egiten diren edo ez, hori baloratzen da gehien”. Denetariko mugimenduak daude, sinpleagoak eta zailagoak. “Saiatzen gara, bereziki haurrekin, mugimendu sinpleak oso ondo egin ditzaten. Mugimendu konplexuagoak ere ondo egiten badituzte, hobeto. Baina, gutxienez, ondo ikas dezatela oinarria”. Beti ez da hala gertatzen, ordea. “Toki askotan ikusten dugu nola egiten duten dantza, eta egin behar denak eta egiten denak ez dute zerikusirik”.

Dorronsoro ez da aurreskuaren purista bat. “Ezkontzetarako eta halakoetarako erakusten ibiltzen naizenean, saiatzen naiz ahalik eta ondoen erakusten. Baina gero badakit bakoitzak bere maila eta trebezia duela”. Herritar arrunt batek agurra dantzatu behar badu, argi dauka hogei urte dantza talde batean daraman norbaitek baino “okerrago” egingo duela. “Baina ni saiatuko naiz ahalik eta zuzenen irakasten, eta dantzariak gero egingo du ahal duen bezala”. Dena den, nahiago du behar den pausoa zatarrago egitea hura ordezkatzea baino: “Badaude trikimailu batzuk ateratzen ez zaizkigun pausoak beste era batera egiteko. Ez; ez asmatu pausoak. Lau arin bat tokatzen bada, lau arin bat egin behar da. Puntak ere jarriko dira gehiago edo gutxiago, baina puntak jarri behar dira”.

Lurraldeen arabera, aldatu egiten da estiloa. “Gipuzkoan, erritmo lasaiagoan egiten da dantza”, zehaztu du Dorronsorok. Are, herritik herrira “ñabardura txikiak” bereizten direla esan du, “transmisioak izandako garapenaren arabera”. Aurreskua gipuzkoar erara dantzatzen dute txapelketan, baina horrek ez du esan nahi gipuzkoarrek bakarrik har dezaketenik parte.

Neska eta mutil, batera

Euskal dantzak ikasten aritzen dira Legazpiko Sustraiak dantza taldeko ikasleak. Txapelketan lehiatu nahi dutenak propio zentratzen dira aurreskuan, teknika erabat barneratzeko. Legazpiarrek jada hiru hamarkada baino gehiago daramatzate txapelketak antolatzen eta parte hartzen.

Hasieran nesken eta mutilen txapelketak bereizten zituztela kontatu du Dorronsorok. “Neskek soinu zahar txapelketa egiten zuten, eta Legazpin jokatzen zuten finala. Mutilek, berriz, aurreskua dantzatzen zuten”. Kanporaketa bat jokatzen zuten Legazpin, eta Errenterian izaten zen finala. Bi txapelketak batu egin zituzten gero, baina mantendu egin zituzten izena eta formatua. “Herrietan kanporaketak jokatzen dituzte orain ere, eta Legazpin eta Errenterian izaten dira finalak”.

Txapelketan, irakasle onenei ere egiten diete aitortza. Aurten, Iker Sanz izan da onena B eta D mailetan, eta Ane Jaunarena eta Nahia Pikabea A mailan.

Dokumentuaren akzioak