Dokumentuaren akzioak
Gipuzkoako dantza zaharrak birmoldatu ditu Oskorrik disko eta DVDan
«Argi utzi nahi dugu kantu horien bertsio modernoa egin dugula, doinua
errespetatuz, Oskorrik egingo lukeen bezala, burutik pasatako guztia
egin dugu», esan zuen Natxo de Felipek taldearen izenean. «Proposamena
jolas moduko bat da, eta ez tradizioaren berreskuratze-lan sakona».
Hamalau kantuz osatutako diskoa DVD batekin lagundu dute. Horretarako,
Baztango Dantzariak izan dituzte bidelagun. «Ikusten genuen
estrukturagatik-eta mutxikoen antza zutela eta eurei proposatu genien
dantzen bertsio modernoa egitea».
DVDa Baionan, Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen grabatutako
irudiekin osatu dute, Oskorrik sortutako Dantza Klubeko kideekin. Lana
osatzeko, dantza horien pausoak markatuz diskoan MP3 formatuan gehitu
dituzte eta DVDan ikastaro bat ere badago, pausoak nola egin ikasteko.
Dokumentuaren akzioak