Gipuzkoako Foru Aldundiak Dantzan elkartearekin elkarlanean martxan duen Dantzan Ikasi programaren barruan, eta aurten 50 urte beteko dituen Sahatsa dantza taldearen ekimenez aritu zen Sarriegi Azpeitian. Urola bailaran eta inguruan 1950eko hamarkadatik aurrera ezagunak egin ziren dantzatzeko erak eta moldeak aletu zituen Sarriegik, eta horiek aurreko oinordetzaren testuinguruan gerora nola txertatu ziren ezagutu ahal izan zuten parte hartzaileek. Euskal dantzek jatorria non duten, horiek beti modu berean dantzatu al diren, eta dantzatzeko moduen aldaketa nabarmenenak noiz eta zergatik jazo diren azaldu zuen maisuak. Zenbait kasu, gainera, modu praktikoan adierazi zituen hark.
Bailarako dantza tradizioa ibilbide luzekoa dela esan zuen Sarriegik, aspaldikoak dira-eta bi herrietako dantzen eta dantzarien aipamenak. Ezpata dantzak, soka dantzak eta brokel dantzak... ezagutu dira azken 500 urteetan, gutxienez. Ordea, dantzei bakarrik ez, Urola Erdiko dantza maisuei ere egin zien hark aipamena.

