Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gipuzkoako aurreskulari gaztetxo onenak zeintzuk diren erabakitzeko saioak Legazpin eta Errenterian jokatuko dituzte

Dokumentuaren akzioak

Gipuzkoako aurreskulari gaztetxo onenak zeintzuk diren erabakitzeko saioak Legazpin eta Errenterian jokatuko dituzte

Legazpiko finala larunbatean izango da, eta Errenteriakoa igandean. Sustraiak dantza taldeak eta Ereintza elkarteak antolatu dituzte. Guztira 64 dantzari aritu dira lehian.
Egilea
Tere Madinabeitia
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Legazpi, Errenteria
Mota
Albistea
Data
2023/05/08
Lotura
Goierriko Hitza

Gipuzkoako aurreskulari gazteak prest daude asteburuan jokatuko diren gipuzkoar erako gazte mailako bosgarren Aurresku Txapelketaren finaletarako. Legazpin eta Errenterian jokatuko dira, eta hiru saioak aurkeztu dituzte gaur antolaketa lanetan ari diren Sustraiak dantza taldeko eta Erein elkarteko ordezkariek, Kultur Etxean. Jon Dorronsoro izan da Sustraiak taldearen aldetik, eta Juantxo Maya eta Mikel Olaskoaga Erein ordezkatuz. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko Esti Iturria idazkariak ere parte hartu du aurkezpenean, Legazpiko alkate Koldobike Olabide eta Iñigo Imaz kultura zinegotziarekin batera.

Legazpiko finala D saileko dantzariena izango da, hau da, 2008an eta 2009an jaiotakoena, eta Euskal Herria plazan jokatuko da larunbatean, hilak 13, 11:00etan. Hamalau dantzari izango dira lehian, eta tartean ez da legazpiarrik. Hurrengo egunean Errenterian egingo diren bi finaletan, berriz, bai: Araitz Mantxola eta Nora Lafuente, A sailean (2013, 2014 eta 2015ean jaiotako), eta Nora Escudero, Maria Sanchez eta Jon Alberdi B sailean (2010, 2011 eta 2012an jaiotakoak). Legazpiarrak dira Goierriko ordezkari bakarrak, eta Niessen kulturgunean jardungo dute lehian, 11:00etan hasita.

Guztira, 64 dantzari
Aurtengo txapelketa urtarrilean hasi zela gogoratu du Esti Iturriak, Legazpin hain zuzen, eta orduz gero kanporaketak jokatu dira Villabonan, Elgoibarren, Oiartzunen eta Lezon. Gaztetxoenek, A sailekoak, kanporaketarik ez dutela izan zehaztu du, erakustaldiak soilik, eta zuzenean finalean lehiatuko dira igandean Errenterian, 13 dantzari. B saileko finalera 12 dantzari sailkatu dira, eta D sailekora 14. Guztira 64 neska-mutilek parte hartu dute txapelketan. Gehienak gipuzkoarrak dira, baina nafar bat ere izan da lehian.

Sailkatuta egon arren, Legazpiko saioan izango ez den dantzari bat ere aipatu du Iturriak, min hartu zuelako kanporaketa batean. Amasa-Villabonako Eider Zabala da.

Legazpiko finala
Legazpin, 14 dantzari zaharrenak arituko dira lehian larunbatean, 11:00etan, D sailekoak. Zizurkilgo Amaiur Tejeria, Lide Sarasola, Garazi Oiarzabal eta Olaia Iraola, Astigarragako Naia Amorena, Amasa-Villabonako Clara Larrañaga, Naroa Nieto eta Jone Arretxe, Andoaingo Jurgi Errandonea, June Larrañaga eta Irati Larrañaga, Lezoko Mikel Esnaola eta Ihintza Erauskin eta Elgoibarko Uxue Cabrera dira finalistak

Bi dantza egin beharko dituzte: Petronio haundia, Aurkez aurke eta kontrapas bat. Epai-mahairen aldetik puntu gehien lortzen dituenak irabaziko du, eta Juan Mari Burguera herriko artistak egindako garaikurra eta buruzagi makila eta txapela jasoko ditu. Epai-mahai hori Jose Luis Vallejok, Maria Ferreirok eta Katerin Artolak osatuko dute. Jantzi onenarentzat ere izango da saria, eta hori, Isabel Aztiria Legazpiko jostunak egindako zapia izango da. Aztiria bera egongo da epai-mahaian, Oihane Auzmendi legazpiarrarekin batera.

Musikaren arloa, berriz, Goiz Deia txistulari bandako kideen ardura izango da. Udalaren laguntza izan du Sustraiak taldeak, saioa antolatzeko.

Zehaztasun horiek guztiak Jon Dorronsorok eman ditu, eta sariak eman aurretik Sustraiak dantza taldeko dantzari gaztetxoek Legazpiko ezpata-dantza egingo dutela aurreratu du.

Koldobike Olabide alkateak, bere aldetik, eskerrak eman dizkie antolatzaileei txapelketa berriz ere Legazpin egiteagatik, “dantza mailan tradizio handiko herria” dela esan du, “dantza bihotzean daramagu”, eta Neskatxena izenarekin duela 30 urte hasita urteetan egindako txapelketa gogoratu du, hura ere Sustraiak taldeak antolatutakoa.

Neskatxena Sustraiak taldeak bezala, mutilen aurresku txapelketa Errenteriako dantza taldea  antolatzen hasi zen duela 33 urte, Juantxo Mayak gogoratu duenez. Horrekin batera, garai hartako elkarte antolatzailea Landare zela ekarri du gogora, eta gero arazo politikoak tarteko Erein elkartea sortu behar izan zutela eta horren ardura dela orain txapelketa mistoaren antolaketa, Sustraiak dantza taldearekin elkarlanean.

             

 

Dokumentuaren akzioak