Dokumentuaren akzioak
Gipuzkoa Dantzan, Illunberen 50. urteurrenean
Ez da makala izaten ari Trintxerpeko Illunbe Musika Elkartearen mende erdiaren ospakizunen egitaraua. Gaur, horri lotuta, Gipuzkoa Dantzan egitasmoa ekarri dute trintxerpetarrek Pasaiara. Ehunka dantzarik bat egin dute deialdiarekin, hau da, Illunbek 50 urte bete dituelako bildu dira Trintxerpeko kaleetan.
Eguraldi oso ona, bero samarra beharbada dantzarientzat, euren jantziek bentilazioa ez baitzuten errazten. Fresko atera dira, ordea, Gernika plaza ondotik abiatu duten desfiletik, eta ia barruti osoa zeharkatuz, Gudarien Enparantzan bukatu dute bidea: Errenteria-Oreretako Herri Arte Eskola, Donibaneko Lintxua, Trintxerpeko Illunbe, Donostiako Goizaldi, Legazpiko Sustraiak, Lezoko Murixka eta Errenteria-Oreretako Ereintza. Horiek Gipuzkoa Dantzan-eko partaideak.
Behin Gudarien Enparantzan, talde bakoitzak bakarkako emanaldiak egin ditu. Txalo zaparradak denentzat izan dira. Saio horien ondoren, denak batera, Antxoko Alkarkidek girotutako erromeria egin dute, alai, pozik, Serafin Esnaola plazan. Mende erdia du Illunbek. Gaur, merezi duen aitortzaren beste zati bat iritsi da Trintxerpera, asko eman baitio barrutiari eta Pasaiari.
Dokumentuaren akzioak