Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gimnastika ariketa ederrak

Dokumentuaren akzioak

Gimnastika ariketa ederrak

Kritika, The best of Momix

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/04/24

Apurka-apurka, iluntasunean aro handi bat bueltaka ikusten hasi zen eta, beranduago, plastikozko bikini beltza janzten zuen neska atletikoa, aroari mugimendua komunikatzen ziona.



Adierazgarria da esandako hasiera hori, Moses Pendletonek zuzentzen duen taldearen koreografiak guztiz zordunak baitira XX. mendearen erdialdean Alwyn Nikolais eta Murray Louis estatubatuarrek sortutako estiloarekiko. Garaiko dantza berri hartan ezaugarri batzuk nagusitu ziren eta haien arteko nabarmenenak honako hauek dira: gorputzari emandako kultua, emoziorik gabeko ariketa fisikoa eta dantzarien arteko berdintasuna, protagonismoak ezabatzeko. 80ko hamarkadan, Pendletonek iturri haietatik edan eta gehienbat ikuste-efektuetan oinarritutako estetika lantzen hasi zen. Horrela izanik, gimnastikari lotutako elementuak aroak, zintak, haga luzeak, pilotak, baloi handiak... ia ezinbestekoak dira Momixen lanetan, eta era berean konpainiaren ezaugarritzat jo daiteke musika, argi eta jantzien diseinuari emandako garrantzia.



Izenburuak berak dioen moduan, konpainiaren ikuskizunetako zatirik onenak batu dituzte aukera honetarako, eta dantza zaletuek Passion nahiz Opus Cactus lanetako pasarteak gogoratuko zituzten. Haietatik nik bereziki nabarmenduko nuke herri primitiboen omenez egindako Poles Dance, bertan hiru gizonek haga luze banarekin egindako dantzarengatik. Orain arte ez ikusitakoen artean, ordea, The Wind-up piezan ikusmena baino azkarrago biraka doazen neska eta baloiaren irudia gogoratuko dut, eta baita ere Sputnik izenekoa, non musika hipnotiko baten pean hiru gizon eta hiru emakume dantza erritual batean murgiltzen diren.



Emanaldiak, baina, zati bi ditu, eta atsedenaldiaren ostekoa askoz gatzgabeagoa suertatu zitzaidan. Dantzariek ariketa fisiko ezinezkoak egiten jarraitzen zuten, eta euren tonu muskularra eta gaitasun akrobatikoa lehen bezain harrigarriak ziren, baina aldi berean agerian hasi ziren geratzen Pendletonen estiloaren mugak. Azken finean, munduko gauzarik onenarekin ere nekatzen gara menuko plater guztiak osagai berberekin egiten direnean. g Agus Perez

Dokumentuaren akzioak