Dokumentuaren akzioak
Getariako alkateak aurreskua dantzatu zuen festen hasieran
"Ohore izugarria izan da" , esan zuen agintariak bigarren aldiz herriaren aurrean dantzatu ondoren
Soinua udal musika bandak ere emanaldia eskaini zuen 13.00etan.
Sargori zegoen eguna, baina horrek ez zituen getariarrak zein kanpotik joandakoak kikildu. Horietako batzuk eserita, beste batzuk ordea zutik, baina guztiak ziren alkatea, Andoni Aristi, noiz iritsiko zain, hark eskaini behar zuen emanaldia ikusteko irrikitan."Duela 9 urte inguru hasi ziren dantzatzen ohorezko aurreskua festetako egun handian. Aurreko alkatea, Mariano Camio, izan zen ohitura honi ekin ziona, gaztetan dantzari izan baitzen", esan zuen José Luis Oliveri getariarrak.
12.15etan irten zen udalbatza Salbatore Deuna parrokiatik, eta herriko musika banda jotzen ari zen doinua jarraituz, Gudarien enparantzarako igoerari ekin zion.
Bandako zuzendaria zen segizioko burua eta haren atzetik musikariak eta udalbatza zihoazen. Udaletxe parera iritsi bezain pronto, Aristi barrura sartu zen, arropak aldatu eta aurreskua dantzatzeko jantzi aproposa janzteko.
Enparatza jendez gainezka zegoen, guztiak Aristi noiz irtengo esperoan. "Gaurko egunez bakarrik egiten da aurreskua, eta hori dela eta, jende ugari erakartzen duen ekitaldia izaten da", esan zuen Juan Guridik.
Handik gutxira atera zen Aristi, eta emanaldia hasi zen. Hiru pieza dantzatu zituen guztira alkateak. Amaitu zuenean, txalo zaparrada izugarria jaso zuen, eta irribarretsu udalaren eraikinean sartu zen berriz ere, arnasa hartu, arropak aldatu eta festarekin jarraitu ahal izateko.
Aristi 2007ko martxoan izendatu zuten Getariako alkate, eta urte eta erdi inguru darama beraz karguan. "Denbora honetan aurreskuan parte hartzen dudan bigarren aldia da", esan zuen Aristik. "Ez dut denbora asko izan entseatzeko, baina txikitan dantzari izan nintzenez, horrek asko erraztu dizkit gauzak. Horrez gain, irakasle aparta ere izan dut denbora honetan guztian, Isaac Aranberri hain zuzen ere, eta izugarri lagundu dit hark", gehitu zuen.
13.00ak inguruan, aurreskua bukatuta, Soinua udal musika bandaren kontzertua hasi zen. Musikazaleek ere, beraz, beren txokoa izan zuten Getariako egun handian.
Andoni Aristi alkatea aurreskua dantzatzen, atzo.
Argazkia: Gorka Estrada
Dokumentuaren akzioak