Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Geroa, gurea

Dokumentuaren akzioak

Geroa, gurea

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2022/02/02
Lotura
Berria

Bilaka konpainiaren <em>Gernika</em> obra.

Bilaka konpainiaren Gernika obra. SCENE NATIONALE

'Gernika' 

Sorkuntza: Bilaka eta Martin Harriaga. Ekoizpen kidea: Malandain Biarritz Balleta. Ekoizpen exekutiboa: Hego Akitaniako Scene Nationale. Koreografia, zuzendaritza, eszenografia, jantziak eta argiak: Martin Harriaga. Musika konposizioa eta musikariak: Xabi Etxeberri, Patxi Amulet, Stephane Garin. Dantzariak: Arthur Barat, Zibel Ameztoi, Ioritz Galarraga, Oihan Indart, Aimar Odriozola. Lekua: Iruñeko Gaiarre antzokia. Eguna: Urtarrilaren 30a.

Non eta Euskal Herriko hiriburuan Iparraldeko sortzaileek Gernikako bonbardaketan inspiraturiko dantza-lan bat eman izanak erabat motibatu nau Bilbotik harainoko bidea egiteko, eta egindako apustua zuzena zela baieztatu didate emanaldiaren anbizio artistikoak eta haren perfekzioak. 

Gaiarre antzokia goraino beteta zegoela hasi da guztia, kolpe erritmiko geldoak iluntasunean entzuten ziren bitartean, eta ilun hartatik sortu dira musikariak eta dantzariak. Off-eko ahots bati entzun diogu euskaraz eta gaztelaniaz, «dantzak egiten gaitu, betidanik, suaren erregaia da eta ezin da gelditu, suntsiezina baita». Lehen konpasetatik antzeman dugu hura ez zela edozein soinu-banda izango, eta emanaldian zehar zuzeneko musikak erdietsitako mailak garbi adierazi du rol nagusi bat jokatuko zutela akordeoiak, teklatuek, ahotsek, perkusioak, gitarrak eta soinu grabatuek dantzak behar zituen atmosfera guztiak eratzean.

Haatik, ez dezala inork pentsa musika elementu erantsia izan denik, dena —argiak, jantziak, elementu eszenikoak, dantzak...— emozio indartsuen zerbitzura egon delako, osotasun koherente baten parte izanda. Baina dantzaz ari gara azken finean, eta beltzez jantzita agertu dira bost dantzariak —bi neska eta hiru mutil, denak ere prakak jantzita—, hasierako pasartean euskal dantzetan murgilduta, aingeruen pare, energia perfektua, talde-koordinazio orbangabea eta keinu-definizio itzela naturaltasun osoz erakutsiz.

Hala ere, tarte alai hori ere mehatxupean gertatu da, honezkero denok dakigulako jai-giro horren ostean etorriko zena. Eta iluntasuna nagusitu da berriro, argiek eta musikak nolabaiteko dramaturgia sortu dutelako dantzaren diseinuan. Izan ere, bonba baten agerpenarekin, goitik eskegita, ez zen besterik esan behar, eta harekin batera etorri diren obusak geldo-geldo jaitsi direnean iruditu zaigu denbora gelditu egiten zela. Une horretan ikaragarria izan da ikusle guztien isiltasun trinkoa.

Bonbardaketaren osteko pasartean —bide batez esanda, nola eskertzen da ditxosozko irudi proiektaturik baliatu ez izana!— isiltasuna eta kea izan dira nagusi, eta haiekin batera haizea eta burdin bihurrituen kirrinka artegagarriak. Francoren garaipena etorri da gero, denok ondo dakigunez, eta harekin batera Iruñea frankistan eta oraingo Espainian sakrilegio hutsa den parodia txikia. Dena neurrian, hala ere, dena finezia handiz, dena arte goreneko parametroetan. Gernika batailoiaren balentriak ere gogoratu dituzte irudimenezko fusilen eszena bikainean —horregatik bakarrik mereziko luke emanaldia ikustea—, eta gero dantzariek musikariekin bat egin eta Geroa, geurea izeneko ereserki kementsua abestu dute. Ikusleek —haietariko askok zutik— txalo zaparrada indartsua eta benetan hunkigarria eskaini diete haiei guztiei, bihotzez.

Dokumentuaren akzioak