Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Generoaz

Dokumentuaren akzioak

Generoaz

Egilea
Antton Fernandez
Komunikabidea
Goiberri
Mota
Albistea
Data
2021/11/15
Lotura
Goiberri

Joan genEroa ikustera, baina ez ikusle soil; hausnar dezagun nolako kimuak sortu nahi ditugun gure bizitzetan. Halatsu bukatu zuen Oihane Vicentek irailaren 17an atal honetan argitaratutako zutabea, Kimua kolektiboaren genEroa emanaldira ikuspegi kritikoz joan gintezen aholkatuz, eta gomendioari zintzo demonio kasu eginda etorri natzaizue gaur.

Hasteko, nabarmen ditzadan genEroa ikuskizunean parte hartzen duten goierritarrak: Eneko Galdos Etxaniz eta Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena. Izan ere, bete-betean asmatu dute genero gaiek (euskal) dantzetan izan duten (eta duten) eragina plazan irudikatzen, eta, gorputza erabiliz, salaketa egiten. Erreferentzia historikoz, prosaz eta bertsoz hornitutako ikusgarrian, ederki landu dituzte itxurarekin lotutako nesken elikadura nahasmenduak, gizonezko dantzari ugarik gainditu beharreko bullying homofobikoa, edota transexualitate kontuak (arrosa edo urdina baino kolore gehiagoko paleta erakutsiz).

Era berean, Goierriko dantza munduan txalogarria da oso azken urteotan Legazpiko, Zumarragako eta Beasaingo ezpata dantzetan emakumeek gizonezkoen pare parte hartu ahal izatea. Azken bietan, izan neska, izan mutil (edo ez binario), tankera bereko arropa jantzita plazaratzen dira, gainera. Segurako dantza suelto txapelketan ere aldatu zuten bikoteak derrigor mutil eta neska banak osatzeko araua, eta horren lekuko dira elkarrekin gozatzen ditugun Legazpiko Sustraiak dantza taldeko Irati Olaizola eta Idoia Narbaiza. Zorionak, beraz, guztiei, eta segi dezagun bide horretan aurrera.

Dokumentuaren akzioak