Dokumentuaren akzioak
Genero rolak hankaz gora tangoan
Batek daki tangoa sortu zenean zein ezaugarri zituen, gizonak emakumea bideratzen zuen, edo alderantziz zen, bi gizonek edo bi emakumek elkarrekin egiten zuten dantza. Kontua da gaur egun tangoaren sehaskan, Argentinan, eta gainerako herrialdeetan ere, ez dela Mar de Platako kaiko zokoetan dantzatzen zen bezala egiten. Klasikoan gizonak darama emakumea, eta tango zale batzuek ez dute gustuko arau heteroak dioena besterik ez betetzea.
Queer tangoak jarraitzaileak baditu Argentinan. Europan berriz, indar handiena Alemanian du. 2000. urtean Hamburgon Europako lehen queer tango jaialdia antolatu zuten.
Maiatzaren 25etik 29ra Quilombo Queer Tango Jaialdia egiten ari dira Bartzelonan. La Directa agerkari digitalak jaialdia aitzakia hartuta antolatzaileak elkarrizketatu ditu. Pasarte batzuk itzuli ditugu queer tangoa zer den hobeto ulertzen lagunduko digulakoan.
Zer da queer tangoa?
Dafne Saldaña: Kode heteropatriarkala puskatzea da. Tangoak gizonei eta emakumeei rol berezituak eta hierarkikoak ezartzen dizkie. Helburua horiek deseraikitzea da. Bestalde, dantzariaren generoa kontuan hartu gabe bakoitzari bete nahi duen rola aukeran ematea da helburua.
Queer tangoa egitea tangoaren jatorrira jotzea al da?
Eva Yufra: Queer tangoa kontzeptua berria da niretzat, baina norberaren generoa kontuan hartu gabe dantzan egitea ez da berria. Hain zuzen, normatibizatu egin da urteak pasa ahala. Adibidez, oso jakina da hasieran gizonen artean egiten zutela dantza, edo genero bereko bik. Gero, gaur egun ezagutzen dugun horretara jo zen, askoz arautuagoa. Ez dakit jatorrira itzultzea den, baina askatasun handiagoz aritzea esan nahi du. Adierazpen eremu gordinagoa, errealagoa eta erraietakoa da, nahiz eta politikoki zuzena ez izan.
Zer da zuretzat queer tangoa dantzatzea?
Eva Yufra: Jolas eremua da. Dantza garaikidetik nator, eta hor gizon gutxi ari dira. Gorputzaren mugimendua ez dago sexualizatuta, irekitzeko aukera ematen dizu. Era berean, ez daukazu zertan rol bakarra egin, askoz gehiago eman dezakezu. Eta ez naiz rol aldaketaz soilik ari. Milonga tradizionaletan kanpoan geratuko zara mailarik ez badaukazu eta milonga queer-ean edonor aritu daiteke. Queer tangoa ez da hain lehiakorra.
Carmen Hergos: Nik ohiko milongetan dantzatzen nuen eta egonezin feminista sortu zitzaidan: Emakumeok zergatik egon behar dugu gizonek dantzara atera zain? Guk zergatik ezin dugu gizona eraman? Rola aldatu nuen eta asko gustatu zitzaidan dantzakidea eramatea, besteak ni eramatea gustatzen zaidan bezalaxe. Nik hala egiten nuen, jakin gabe horri queer tangoa deitzen zaiola.
Dafne Saldaña: Niretzat diferentea izan zen. Tango tradizionala patriarkal eta matxistatzat izan dut beti. Asko gustatzen zitzaidan tangoa baina feminista moduan gaizki sentitzen nintzen eta kontraesanez betea. Queer tangoa egiten dut bi rolak betetzeko aukera ematen didalako eta batik bat mugimendu politiko antolatua delako. Askatzea izan da: “Ados, orain tangoa egiten jarraituko dut, bai horixe”.
Dokumentuaren akzioak