Dokumentuaren akzioak
Gelabert Azzopardi Cia. de Dansa bihar dator Donostiara
Bihar, 20.00etan hasita, Kursaal entzutegian Gelabert Azzopardi Cia. de Dansa konpainiaren emanaldia izango da.
Cesc Gelabertek eta Lydia Azzopardik zuzentzen duten dantza konpainiak Psitt!! Psitt!! eta Viene regando flores desde La Habana a Morón izeneko koreografiak aurkeztuko ditu bihar Donostiako Kursaal entzutegian. Koreografia Gelabertena da, eta musika, Pascal Comeladerena.
Cesc Gelabert Estatu espainolean dantza garaikidearen arloan dagoen koreografo eta dantzari aipagarrienetakoa da, eta bere garaiarekin konpromiso estua du. Bere estiloa ibilbide luze baten emaitza da. Bere koreografiek sinbolo eta erreferentzia historikoak hartzen dituzte abiapuntutzat, eta hizkuntza garbia eta ulerterraza dute.
Cesc Gelabertek 1972an egin zuen bere lehen sorkuntza koreografikoa, hainbat urte dantza eta arkitektura ikasten eman ondoren. 1973an euren lehen «bakarkakoa» sortu zuen, eta 1977an dantzari talde batekin egindako lehen lana. 1978tik 1980ra bitartean New Yorkeko dantza elkarteko kide aktiboa izan zen, eta han zegoela hasi zen lanean Lydia Azzopardirekin. 1983an Kataluniako Gobernuak Dantza Sari Nazionala eman zion. Lydya Azzopardik, bestalde, balet klasikoa ikasi zuen, nahiz eta gero Londresko Dantza Garaikideko Eskolan dantzari garaikide modura trebatu zen, Britainia Handian eskolako konpainiarekin hainbat bira egin ondoren, 1972tik 1976ra bitartean. Maurice Bejarten taldean aritu zen ondoren irakasle Bruselan, Zurichen eta Erroman. Koreografo gisa, Lindsay Kempekin batera egin zuen lana. Konposizio eta inprobisazio ikastaroak eman zituen Europako hainbat herrialdetan. Bikoteak zuzentzen duen konpanian zazpi dantzarik egiten dute lana, Ces Gelabertekin batean.
Zortzi dantzarik osatzen duten talde hau Bartzelonako Teatre Lliureko konpainia egoiliarra da azken aldi honetan.
Timbaco laukoteak musika zuzenean
DONOSTIA
Bihar Kursaalen eskainiko diren bi koreografietatik bigarrenak, Viene regando flores desde La Habana a Morón izenekoak, zuzeneko musika izango du, Timbacó laukoteak joko baitu agertoki gainean.
Erakutsiko den lehen koreografia, dena den, Psitt!!Psitt!! izango da, Pascal Comeladeren musika konposizio batean oinarritua. Konposizio hori Erik Satieri eskainitako omenaldi moduan egin zuen Comeladek. Erik Satiek ohar bitxi batzuk idazten zizkien antzerkia ikasten ari ziren antzezleei. Umore sotil eta surrealistaz bustitako mezu bitxi eta poetiko horien bidez, antzezlariaren gogor-aldartea aldatzen saiatzen omen zen. Comeladek Erik Satieri eskainitako musika konposizio hori abiapuntutzat hartuta egin du Gelabetek koreografia.
Bihar Kursaalen eskainiko duten bigarren koreografia ere, Viene regando flores desde La Habana a Morón izenekoa, alegia, Gelabertena da.
Kubako musika lantzen duen Timbacó laukoteak jotzen du zuzenean agertokian, eta hori, berritasun gisa, nabarmentzekoa da. Dantzariek runba, bolero, son edota manboaren erritmo zirraragarriak erakutsiko dituzte agertoki gainean.
Dokumentuaren akzioak