Dokumentuaren akzioak
Gaztetasunez blai
Verve eta Le Marchepied
Ingalaterrako Verve konpainiak lau koreograforen
egitarau oparoa aurkeztu zuen, nahiz eta antzekotasun harrigarriak izan
ziren lauren artean, mugimendu-diseinuari, musikari eta argiztapenari
dagokienez. Egitarau aldaketa baten ondorioz, lehen pieza
esku-programako hirugarrena izan zen —Peter Mikaren Dual Formula—,
eta dantzariek dentsitate handiko koreografia baten planteamenduan
murgildu gintuzten, amets-sinbolismo iluneko eremuetatik ibiliz,
ñabardura askotako koreografia konplexua eratuz eta, amaiera alderako
duo zoragarriarekin, gu guztion emozioa igoaraziz.
Gainontzeko
hiru lanetan antzeman genuen lehendabizikoan erakutsitako mugimendu
kalitate bikaina eta barne dentsitatea. Deborah Johnsonen Unspoken-en
aipagarriak iruditu zitzaizkidan bat-bateko abiadura aldaketei emandako
garrantzia eta edozein pronostikoren kontra etengabe gauzatzen ziren
harreman igarri ezinak. Charles Unehan-en Cascade-tik, ordea,
samurtasun tormentatuko une bakanak gordeko ditugu, eta baita ere
mugimendu hipnotikoko pasarteak, hala nola mutilak bere inguruan
etengabe bueltaka zituen hiruzpalau emakumeren irudi polita. Azkenik,
Ben Wright-en Forces-ekin garai bateko gazteluetako terrore giroa bizi izan genuen, hainbat eszena artegagarriren bidez.
Suitzako
Le Marchepied dantza ikastegiak, berriz, bere ikasleek sortutako lan
pare bat ekarri zuen. Esperimentazio kutsukoak izan ziren biak, eta
gazteengan ohikoa den kemenarekin aurkeztu zituzten, baina emaitza
nahasia izan zen, eta urrun geratu zen benetako lan koreografikoen
sendotasunetik.
Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Apirilak 9 eta 10.
Dokumentuaren akzioak