Dokumentuaren akzioak
Gaztemundu 2014: "Diasporako dantzari onenek hemengoei enbidiarik ez diete, maila oso ona dute"
Amaitu da 2014ko Gaztemundu eta antolatzaile zein ikasleak pozik agertu dira bertan bizi eta ikasitakoarekin. "Ikastaroaren balioespena oso baikorra da, ikasleak oso pozik ikusi ditugu eta Oier Araolazak eta irakasleek egin duten lana itzela izan dela baieztatu digute", azaldu dio EuskalKultura.com-i Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejo Itsasok.
Uztailaren 6tik 20ra izan dira Euskal Herrian Gaztemundu 2014ko 25 partaideaki, Diasporako dantza taldeetako zuzendari eta dantza trebatzaileak. Bi aste horietan dantzari buruzko ikastaro trinkoa, anitza eta zabala jaso dute, "informazio zaparrada", Araolazaren esanetan. "Aukera paregabea izan dute", gehitu du Araolazak EuskalKultura.com-ekin solasean, "hemengoek ere ez daukaguna, ikastaroan ikasi duten guztia ikasteko urteak beharko lirateke eta". Hori dela eta ikastaroko klaseak Euskal Herriko dantzariei ere irekiak izan dira, horrela bidenabar hango eta hemengo dantzarien artean harreman sarea sortzeko asmoz.
[Gaztemundu 2014ko klase bat (argazkia Dantza.com)]
Informazio zaparrada
Bi aste horietan dantzari buruzko ikastaro trinkoa, anitza eta zabala jaso dute, "informazio zaparrada", Araolazaren esanetan. Ikastaroak Euskal Herriko dantza molde desberdinak landu ditu eta hainbat lekutan aritu dira ikasleak, bertako dantza taldeetako kideak zuzendari: Ander Abuin lesakarrak Lesakako dantzak; Jon Iruretagoiena eta Claude Iruretagoienak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako dantzak; Argia dantzari taldeko dantza-maisu taldeak --Fernando Aristizabal, Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Jokin Otamendi-- Gipuzkoako tradizioa; Josu Garatek eta Oier Araolazak Gipuzkoako ezpata-dantza; Jon Fernandezek eta Amagoia Egiluzek Arabako dantzak...
[Jauzi! Ikastaro praktikoan maila ona erakutsi zuten dantzariek (argazkia Dantzan.com)]
Lehendakaria txistulari
Oier Arazolak ikastaroaren egunez eguneko kronika jaso du Dantzan.com webgunean. Bertan jaso du ere aurtengo Gaztemunduko pasarte deigarri bat. Uztailaren 9an Lehendakariak harrera egin zien Gaztemunduko partaideei, eta Lehendakaritzako patioan dantzariek soka-dantza dantzatu zuten.
[Soka-dantza Lehenkaritzan, ikusle Maria Angeles Elorza, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta haren emazte Lucia Arieta-Arunabeña, eta Asier Vallejo Itsaso, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzat zuzendaria (argazkia Dantzan.com)]
Urduri ziren gazteak, ikastaroa hasi berriak, Araolazaren esanetan. Saio amaitu eta zur eta lur gelditu ziren denak: Iñigo Urkulluk txistua eta danbolina hartzeko baimena eskatu zion Jose Migel Laskurain musikariari eta, hara non, "Ikusi Mendizaleak" kantua jotzen hasi zen.
[Gaztemunduko ikasleek kantuan eta txaloka lagundu zioten Urkullu lehendakariari (argazkia Dantza.com)]
Araolazak kronikan jaso zuen unea: "Txistua eta danbolina jotzen urte asko aritua da Lehendakaria, eta ez duela ahaztu erakutsi du. Baina jarraian solasean aritu gara, eta jotzeaz gain, txistua, dantza eta euskal folklorearen alorra interes handiz jarraitzen duela frogatu ahal izan dugu".
Bigarren fasea
Ikastaroa amaituta, orain dator erronkarik handiena: horiek guztiak gogoan hartzea eta euskal etxeetan irakastea. "Ikastaroa bukatu ordez, bigarren fasea hasi dela esan diegu. Eta badakite Dantzan.com-en (dantzari buruzko webgune eta komunitatea) aholkularitza eskaintzen diegula dantza taldeei, eta orain elkar ezagutzen dugula aprobetxatuz, zerbitzu hori baliatuko dugula espero dugu", agertu du Araolazak.
Dokumentuaren akzioak