Dokumentuaren akzioak
Gazteek dantza taldeetan duten papera, aztergai
Euskal Herriko I. Gazteen Dantza Topaketa egingo da datorren asteburuan Asparrenan
Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, 153 dantzari gazte bilduko dira Asparrenan asteburu batez, dantza taldeetan duten paperari buruz hausnartzeko, baita euren baitan duten garrantziari buruz ere, jasaten duten belaunaldi aldaketa faltari aurre egiteko. Proiektu honekin, Euskal Dantzarien Biltzarrak dantzari gazteen parte izatearen sentimendua areagotu nahi du, talde, komunitate eta Euskal Herriko nortasun sentimendua, hain zuzen. «Hori lortzeko, ezinbestekoa gertatuko da gazteen ahalduntzea, dantza tradizionalez gozatzea modu ludiko batean eta talde eta herrialde ezberdinetako dantzarien arteko harremanak sustatzea. Azken finean, dantzari izateaz harro sentitzea da helburua», adierazi dute.
Proiektua aurrera ateratzeko batzorde bat sortu da eta bertan parte hartzen duten dantzari batzuk ere badaude, Euskal Dantzarien Biltzarrak «funtsezkotzat» jotzen baitu gazteak topaketako protagonistak ez ezik, bere plangintzan ere izatea.
Egitaraua
Ostirala arratsaldean elkartuko dira parte-hartzaile guztiak Asparrenan, babesle, laguntzaile eta antolatzaileekin, eta afalostean dantza emanaldia ezango da plazan.
Larunbaterako egitarau oparoa antolatu dute. Goizean talde dinamika izango dute 'Art for life!'-ekin, eta arratsaldean kalejiran ibiliko dira Araiatik, eta ondoren dantzen desafioaren txanda izango da. Afaldu ondoren bingo musikalarekin amaituko dute eguna.
Igande goizean berriro talde dinamika izango dute, topaketari amaiera eman aurretik.
Dokumentuaren akzioak