Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gazteek arte eszenikoak "biziko" dituzte

Dokumentuaren akzioak

Gazteek arte eszenikoak "biziko" dituzte

Komunikabidea
Guaixe
Mota
Albistea
Data
2020/01/17
Lotura
Guaixe
Altsasu BHIko Dantza erresidentziaren talde bat, aurkezpenean.

Gazteei arte eszenikoak "hurbiltzea eta haien protagonista" bihurtzea helburu duen 'Oholtzara salto' programa antolatu du Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olaztiko udalek. Gaur, 19:00etan, Iortia kultur gunean ikasleen dantza ikuskizuna izanen da: 'Esclavos felices'

Bigarren urtez Altsasuko, Etxarri Aranazko eta Olaztiko kultur zerbitzuak elkarlanean aritu dira Oholtzara salto programa antolatzeko. "Funtsezkoa" jo du Silvia Marañon Etxarri Aranazko alkateak, hiru udalen izenean, publiko gaztea arte eszenikoetara hurbildu "ahal" izatea, "ematen duten guztiagatik, baita modu parte-hartzailean, esperimentalean eta bizipenez beterik parte hartzen dutelako". Izan ere, gazteak sorkuntza prozesuetan "parte hartzen" dute. Oholtzara saltoren programaren barruan antzerki tailerra, antzerki foruma eta dantza erresidentzia eginen dute Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako eta San Donato eskolako, Altsasu BHIko eta Olaztiko Domingo Bados eskolako ikasleek. Dantza erresidentzian sortutako koreografiak gaur, ostirala, 19:00etan, Iortia kultur gunean Esclavos felices ikuskizunean erakutsiko dute, Dantzaz konpainiarekin batera. 

"Lankidetza eta parte hartzea" goraipatu nahi izan dituzte udalek. Bai kultur zerbitzuen eta ikastetxeen artean izan den lankidetza bai ikasleen artean sustatu nahi duten talde lana eta parte hartzea. Oholtzara saltoren bigarren edizio honetan hiru jarduera eginen dituzte ikasleek: antzerki tailerra Altsasuko institutuan eta Andra Mari ikastolan eginen dena, eta Tafallan Nafarroa osoan tailerrean parte hartu duten ikasleen topaketa batekin amaituko dena. Aurtengo berrikuntza antzerki foruma da Olaztiko Domingo Bados ikastetxean, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan eta San Donato ikastetxean eginen dena, maiatzean. Helburua ikastetxean indarkeria eta jazarpen-jarreren prebentzioa eta bitartekaritza lantzea da, antzerki sozialaren bidez. Hirugarren jarduera dantza erresidentzia da, egunotan Andra Mari ikastolako DBH 4. mailako eta Altsasu institutuko DBH 2. mailako ikasleek egin dutena. Guztira, 100 lagun baino gehiagok parte hartu dute jarduera honetan. 

Dantza hezkuntzan
Fernando Diaz de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendari nagusia da. Dantzaz konpainia bigarren urtez aritu da Sakanan Andra Mari ikastolan eta Altsasu institutuan dantza erresidentzia egitera. Diaz de Ugarterendako oso garrantzitsua da programa antolatzeko egon den "lankidetza", izan ere, konpainiaren erresidentziaren prozesuan oso garrantzitsua da "talde lana". 

Astelehenean hasi zen dantza erresidentzia eta astean zehar egindako egindako saioetan "sorkuntza koreografiko" desberdinak egin dituzte talde bakoitzak Dantzaz konpainiako dantzarien laguntzarekin. "Ez da ikaragarrizko sorkuntza koreografikoa izanen, baina ikasleek sortutakoa izanen da". Hortaz, gazteek sortuko dituzte mugimenduak, ideiak, musikak, jantziak, atrezzoa... "Bost ordu horietan ematen duena". Ikasleek erabili duten abiapuntua konpainiak erabili duen berbera da: esklabo alaiak. "Zenbateraino gara askeak eta zenbateraino esklaboak aztertuko dute. Baita alaitasun edo zoriontasun hori zer nolakoa den. Beti gabiltza like edo dislike horien atzean". Dantzaz gai hori oinarri hartuta haien koreografiak sortu dituzte, eta aste honetan ikasleen lana izan da haiena sortzea.

Arteak hezkuntzan duen garrantziaz hausnartu du Diaz de Ugartek, eta ikastetxeetan egiten dituzten erresidentzietan lantzen duten ezagutzak arlo desberdinetan "jarraipena" izan dezakeela aipatu du Diaz de Ugartek: "Argi dugu arte eszenikoak eta arteak erabateko beharra dutela hezkuntza prozesuetan, eta sorkuntza prozesuek ikaragarrizko laguntza eman diezaiokete hezkuntza prozesuak egiteko". 

"Normalean protagonistak gu gara. Baina kasu honetan gu teloneroak izanen gara; protagonistak haiek izanen dira". Gaur, 19:00etan, Iortia kultur gunean erresidentzia sortutako koreografiak mustuko dituzte ikasleek. Goizean entsegu orokorra eginen dute ikaskideek ikusi ahal izateko, eta arratsaldean emanaldia izanen da. Dantzaz konpainiak bi koreografia eginen ditu eta ikasle talde bakoitzak bat; guztira zazpi koreografia ikusi ahalko dira Esclavos felices ikuskizunean.

Dokumentuaren akzioak