Dokumentuaren akzioak
Gazte indarra Legazpiko ezpata dantzarentzat
Martinez de Birgarak, Martinez de Alegriak eta Narbaizak Goiberrirekin hitz egin dute, taldeko haurrek hilaren 16an egin zuten dantza saioa baino lehen. «Aitorrek oso ondo dantza egiten du. Hori dela eta, bera igotzen dute. Guk, ordea, lehenengoz parte hartuko dugu ezpata dantzan».
Bi neskek hamar urte baino gehiago daramatzate Sustraiak dantza taldean, baina Eñautek urte eta erdi bakarrik. «Plazan ikusten nituenean inbidia sentitzen nuen eta, mutil gutxi ditugunez, Sustraiak dantza taldekoek izena emateko esan zidaten. Egia esan, ez da zaila ni konbentzitzea».
Oso gustura dago dantza taldean. «Ondo hartu ninduten eta asko lagundu didate. Ez nekien ezer dantzaz eta irakasle partikular bat jarri zidaten». Lanak bere fruituak eman dituela dirudi, urte eta erdi bakarrik behar izan baitu ikusle izatetik dantzari izatera pasatzeko.
Hiruei ilusio handia egiten die ezpata dantzan parte hartzeak. «Urte asko daramatzagu dantza egiten eta ilusio handia egiten digu ezpata dantza egiteak. Orain arte neskek bi aldiz parte hartu dugu, baina guri ez zaigu tokatu», aipatu zuten bi neskek.
Amaren ilusioa
Eñautek bere amari ilusio berezia egiten diola esan zuen. «Amak umetatik dantza taldean izena emateko esaten zidan. Hori dela eta, asko poztu zen dantza egiten hasi behar nintzela esan nionean. Duela urte eta erdi hasi nintzenez, oraindik ez du ni dantza egiten ikusteko aukera handirik izan. Maiatzaren 3an Legazpiko plazan egongo da, noski».
Dokumentuaren akzioak