Dokumentuaren akzioak
'Gaztainak erre artian' ikuskizunarekin urte arrakastatsua agurtu du Toberak
Dantza-emanaldi berezia eskaini zuten Zegamako gimnasioan
Aurreko ostiralean, inuzenteen egunean, dantza-ikuskizun bikainarekin esan zion agur 2012ari herriko Tobera Musika-eskolak. Ikuskizun horrek urte biribila itxi du Toberan, izan ere, eskolak aurreko ikasturtean ospatutako 25. urteurrenak ekintza benetan ikusgarriak eman ditu, musika-eskola inoiz baino sasoikoago dagoen seinale.
28ko dantza-emanaldira 175 lagun bildu ziren, Zegamako gimnasioan. Eguberriko herri-kutsuko saioa ondu zuten Toberako dantza-taldeetako bik. Hasierako doinuarekin egindako koreografian, eskenatoki alboan kokatutako eguberri-pinua apaindu zuten ikasleek, eta amaieran, 'Hator, Hator' ezagunaren bertsioarekin egin zuten dantza. Tartean, euskal dantzaren bilakaeraren berri izan zuten bertaratutakoek, Gipuzkoaz besteko euskal herrialdeetako dantza-erak ere ikusi zituzten, koreografia eta musika garaikideak eta modernoak ere bai, eta janzkera desberdinek egin zuten are erakargarriago jaialdia. Antolatzaileen, partaideen eta ikusleen artean, satisfazioa zen nagusi. Musika-eskolako txistulariek ere, saioan zeharreko hainbat pieza jo zituzten.
Emanaldi berezira joandako ikusleen artean eguberri-saskia zozkatu zen, eta Juan Mari Armendariz herritarra suertatu zen garaile, zenbakia ateratzeko bigarren itzulian.
Tobera Musika-eskolak urtarrilaren 7an hasiko ditu eskolak urte berrian, Zegaman nahiz Seguran. Andoaingo piano-jaialdia, ikastaroak eta erakustaldi eta entzunaldiak izango ditu Toberak 2013ko lehenengo hiruhilekoan jendaurreko ekintzen artean.

Zegamako gimnasioan eskainitako emanaldiaren une bat.
Dokumentuaren akzioak