Dokumentuaren akzioak
Gaur hasiko da ekitaldiz betetako Zarauzko Euskal Astea
Aste honetan helduko diote Zarautzen Euskal Asteko egitarauari. Gaur eta bihar, Bertsolari Gazteen XLVI. Lizardi Sariaren kanporaketa saioak izango dira, 22:00etan, Musika Eskolako aretoan. Finala, berriz, Modelo aretoan jokatuko dute irailaren 2an.
Irailaren 3an, Euskaraz Bizi Eguna ospatuko dute. Goizeko hamaiketatik aurrera, Euskararen aldeko XXVI..Lasterketa eta Euskararen aldeko III. Irristaketa Lasterketa egingo dituzte, AEK-k antolatuta. Aurresku Txapelketa ere izango da eguerdi partean. Malekoian, berriz, musika eta dantza emanaldiak izango dira. Eguerdiko 12:30ean, amaierako ekitaldia egingo dute, eta Martxa baten azken notak, Behin betiko eta Ikusi mendizaleak abestu eta dantzatuko dituzte elkarrekin, eta euskararen aldeko aldarria irakurriko dute. Bazkari herrikoia izango da ondoren, 14:30ean, Musika plazan, EHEk antolatuta. Arratsaldeko sei eta erdietan kalejira aldarrikatzailea abiatuko da Musika plazatik eta, azkenik, Lukiek taldeak kontzertua eskainiko du Musika plazan, 22:30ean.
Hurrengo eguna, irailak 4, haurrei zuzendutakoa izango da. Bola eta toka txapelketa, dantzarien bilkura, txistulari eta trikitilarien kalejira, bazkaria, buruhandiak eta puzgarriak izango dira, besteak beste.
Bikote Gazteen Dantza txapelketa irailaren 5ean egingo dute, eta biharamunean egitarau betea izango da Zarauzko Nao Victoria itsasontziak mundubira egin zueneko 500. urteurrenaren aitzakian. Parrila herrikoia, eta sagardo eta txakolin dastaketa antolatu dituzte, bertso-saio, erromeria eta herriko taldeen jaialdiarekin batera.
Trikitalari Gazteen Txapelketa ere egingo dute irailaren 7an, eta 9an izango da Euskal Jai Eguna. Ekintza ugari izango dira egun horretan, hala nola pilota partidak, herri kirolak, bertsolariak, antzerkia, erromeria, karroza, eta orga-lehiaketa.
Egitarau osoa hemen dago kontsultagai. Dantza, trikitixa eta gainerako lehiaketetarako oinarriak, berriz, hemen jaso dituzte.
Dokumentuaren akzioak