Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gaur abiatuko dituzte Txillidaren mendeurreneko ekitaldiak, Viktoria Eugenian

Dokumentuaren akzioak

Gaur abiatuko dituzte Txillidaren mendeurreneko ekitaldiak, Viktoria Eugenian

Dantza, musika eta filosofia uztartuko dituen ikuskizun bat emango dute gaur Donostian, baina urte osoan iraungo duen programa zabal baten hasiera baino ez da izango.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2024/01/10
Lotura
Berria

Haizeen orrazia
Eduardo Txillidaren 'Haizearen orrazia' artelana. JAVIER ETXEZARRETA/ EFE

Eduardo Txillida artistak (Donostia 1924- 2002) gaur beteko lituzke ehun urte, eta, horregatik, gaur abiatuko dituzte haren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak. Dantza, musika, artea eta filosofia uztartzen dituen saio bat antolatu dute horretarako Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta, besteak beste, Iratxe Ansa eta Igor Bacovich dantzarien Metamorphosis Dance konpainiak, Musikeneko musikariek, Landarbaso koruak, eta Ricardo Pinilla eta Ana Maria Rabe filosofoek parte hartuko dute. Eduardo Txillida 100 urte. Topaleku izendatu dute ekitaldia, eta Mikel Txillidak, hau da, eskultorearen bilobak eta Anne Igartiburu aktore eta telebista aurkezleak egingo dituzte aurkezle lanak. Edonola ere, eskultorearen omenezko ekitaldi soka luze baten abiapuntua baino ez da izango gaurkoa, artista gogoratuko duten hainbat erakusketa, publikazio eta ekitaldi izango baitira hurrengo hilabeteetan.

Eduardo Txillida-Pilar Belzunze fundazioak antolatu du gaurko saioa, eta Espainiako Kultura Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako eta Hernaniko Udalen laguntza izan du horretarako. Erakunde horien guztien babesa jasotzeagatik «pozik» azaldu da Luis Txillida, artistaren semea eta Eduardo Txilllida-Pilar Belzunze fundazioko lehendakaria, eta mendeurrenaz harago proiektatu du omendutako eskultorearen itzala. «Ezin da sasoi batean itxi. Artista guztiak bezala, hor dago, eta haren obrak betiko geratuko dira».

Sarrerak, amaituta

Doan lor zitekeen gaurko ekitaldirako sarrera, Viktoria Eugeniaren eta Donostia Kulturaren webgunean, baina eskuragarri jarri eta ordu gutxiren buruan amaitu ziren gonbidapen guztiak.

Fundazioak jakinarazi duenez, hamalau arte erakusketa antolatuko zaizkio Txillidari aurten, hala Euskal Herrian nola nazioartean, eta hiru musika saio ere antolatu dituzte haren figuraren bueltan. Kukai dantza taldeak ere, bestalde, hari eskainitako emanaldi bat izango du maiatzean, eta, urrian, Zinemaldira ere helduko da mendeurrena. Txillidari eskainitako dokumental bat aurkeztuko dute. Arantxa Agirrek zuzendu du lana, eta Ciento volando izango du titulua. Txillida Leku museoa izango du ardatz.

Bestetik, artistaren mendeurrenaren karietara, sarrera librea izango du Txillida Lekuk larunbata eta igandean.

Espainiko Gobernuaren aRTE EDERREN URREZKO DOMINA JASO DUte TXILLIDA LEKUK, lucia lakarrak, Modesto lOMBAK eta pablo bergerrek

Eduardo Txillidaren mendeurrenagatik ez ezik, bestelako motibo bategatik ere izan da albiste Txillida Leku egunotan. Espainiako Kultura Ministerioak egiten duen ekarpen artistiko eta kulturala aitortu du Arte Ederren Urrezko Dominarekin. Urtero onartzen dituzte aitortza horiek, eta, Txillida Lekuz gainera, aurten domina jaso dutenen zerrendan badira beste euskal herritar batzuk ere: Lucia Lakarra dantzari eta koreografo zumaiarra, Pablo Berger zinema zuzendari bilbotarra eta Modesto Lomba moda diseinatzaile arabarra. 

Dokumentuaren akzioak