Dokumentuaren akzioak
Gaur abestuko diren ‘Eguen zuri’ko koplekin hasiko dira aurtengo karnabalak eskualdean
Iurretako Dantzari auzoak ohiko tostada janarekin ospatuko dute Eguen zuri eguna arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertaratutrakoek trikitilarien doinuekin girotuko dira.
Durango
Durangoko Karnabalak zapatuan indarberrituko dira Udal Bibliotekan egingo den Book Trailer tailerrarekin eta ondoren egongo den egitarau zabalarekin. Goizeko 11.00etan hasiko den ekimen horretan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea durangobooktrailer@gmail.com helbidean.
Eguerdian, Kriskitin Dantza Taldeak prestatutako kalejira abiatuko da eta arratsaldeko 18.00etatik aurrera Karnabal doinuak egongo dira Merkatu plazan eta prestaketak eta txokolatada egin ondoren Surrandien eta Hartzaren konpartsaren kalejira abiatuko da txistulariek eta Tabira Musika Bandak lagunduta. Ibilaldia Andra Mariko elizpera helduko da 20:00ak aldera eta ordu horretan hasiko dira Durangoko dantzarien, Jaizale Txistu elkartearen eta Tabira Musika Bandaren saioak.
Gaueko 21.00etan Durangoko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak antolatutako Mozorro Lehiaketa abiatuko da Andra Mariko elizpean. Gauerdira arte iraungo duen jaia Life and Beat Djk girotuko du.
Domekan, Karnabal dantzaldia egongo da Landako 1 kiroldegian arratsaldeko 18:30ean. Herriko pertsona nagusientzat prestatutako ekitaldian Trio Galea taldeak joko du.
Martitzen karnabaleko egitaraua arratsaldeko 15:30ean hasiko da, herrian zehar ibiliko den Txu txu trenarekin. Ordu erdi geroago Haur parkea irekiko da Landako gunean eta, besteak beste, Zelai Alai Ekitazio Eskolako poneyen gainean ibiltzeko aukera izango dute bertaratzen diren umeek.
16:30etatik aurrera Oihan Vega Dj eta esatariaren gazte diskoteka egongo da Ezkurdin.
Berriz
Berriztarrek bihar eta etzi ospatuko dituzte karnabalak batez ere. Bihar, 10:30etan, haurreskolako neskato-mutikoen kalejira hasiko da eta ordu erdi geroago herriko kaleetan zehar ibiliko den Mozorro kalejira abiatuko da. Eguerdian trena ibiliko da Olakueta eta Elizondo bitartean. Arratsaldeko 18:30ean Kantu Kolore-ren haur erromeria eta txokolate dastaketa egongo dira frontoian.
Zapatuko ospakizunak arratsaldeko 19:00etan Olakueta plazan egingo den koadrilen elkarretaratzearekin hasiko dira. Ondoren Mozorro lehiaketa eta DJ baten ekitaldia egongo dira. 21:00etatik aurrera mozorrotuta joatea derrigorrezkoa den afari herrikoia egongo da eta ondoren Dj Robert-ek saioa hasiko da frontoian. Gauerdian lehiaketarako sari banaketa egongo da; mozorro onena duen koadrilak 250 euro eskuratuko ditu, gaztetxoen koadrilak afaria irabaziko du eta bakarkako mozorrorik onenak 100 euroko saria eskuratuko du.
Iurreta
‘Ihauteriak ludeotekan’ deituriko ekimena prestatu dute Iurretan biharko. Arratsaldeko 17:00etan hasita musika, jolasak edo mozorroak eta aurpegi margo tailerrak izango dituzten bertaratzen diren umeek. Arratsaldeko 19:30etatik aurrera musika egongo da Dantzari plazan.
Zapatu karnabaleko ospakizunak 12:30etatik aurrera egingo duten poteoarekin abiatuko dira. 14:30ean bazkari herrikoia hasiko da frontoian eta bazkalostean Ezten Giro taldeak girotutako erromeria egongo da.
Martitzen karnabaleko ospakizunak arratsaldeko 17:30ean Amilburu plazan eskainiko den musika ikuskizunarekin hasiko dira. Ordu erdi geroago Goiuriako Ama Nagusien Elkarteak antolatutako mozorro lehiaketa eta txokolate dastatzea egongo dira Nagusien Etxean.
Eguaztenean Maskara tailerra egongo da Ibarretxe Kultur Etxean 6 eta 12 urte arteko gaztetxoentzat 11:00etan hasita.
Elorrio
Elorriarrek zapatuan eta martitzenean ospatuko dituzte Karnabalak. Zapatuko Mozorro jaia Udalak eta Elorrioko Merkatarien Elkarteak prestatu dute eta 18:00etatik aurrera Dj Zirkin-en musika saioa egongo da frontoiko karpan eta buruhandiak ibikiko dira han-hemenka.
Antolatzaileek hainbat sari banatuko dituzte hobeto mozorrotzen diren ume eta helduen artean. Mozorro onenak janzten dituzten umeek, gozokiz betetako bost otzara eskuratuko dituzte. Helduen lehiaketak berriz, EMEko jatetxeetan eta tabernatan dastatzeko afariak eta tragoak banatuko ditu.
Martitzeneko egitaraua goizeko 10:15ean hasiko da umeen dantza, jolas eta desfilearekin eta gaztetxoentako parkearekin. 11:15ean ‘Munduko inauteriak’ deituriko animazio ikuskizuna egongo da plazan. Arratsaldeko 18:00etan Luhartz musika taldeak girotutako erromeria hasiko da eta ordu laurden geroago txokolatea dastatzeko aukera egongo da.
Kriskitin Dantza Taldeak surrandien maskarak egiteko tailerra antolatu zuen.
Dokumentuaren akzioak