Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gauekoak», sortzailearen babeslekua bertatik bertara

Dokumentuaren akzioak

«Gauekoak», sortzailearen babeslekua bertatik bertara

Etxeko atea zeharkatzean, maskara erauzi eta pertsona bilakatzen da sortzailea ere, bere ziurtasun eta zalantzekin, bere oreka eta desorekekin. Hala agertu nahi izan du Kukaiko koreografo eta dantzari Jon Mayak «Gauekoak» ikuskizunean: maskararik gabe. Xabi Bandini eta Arkaitz Miner musikariekin batera, artistaren barrunbeetarako bidaia proposatzen du ikuskizunak. Sortzailearen intimotasunerako bidaia-txartela da «Gauekoak».
Egilea
Amalur Artola
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Donostia
Mota
Erreportajea
Data
2019/11/28
Lotura
Naiz

Maskara kendu eta, etxeko isiltasun eta intimotasunetik, artistaren beste aurpegia agertu nahi izan du Jon Mayak “Gauekoak” ikuskizun berrian. Kukairen zigilua daraman lan honetan dantzak hartuko du nagusitasuna, baina artistaren barne-bizitzaren gaineko gogoeta egiteko bi musikari izango ditu lagun Mayak oholtza gainean: Xabi Bandini, batetik, Kerobian ibilitakoa eta egun bakarkako ibilbidean dabilena, eta Arkaitz Miner biolin-jotzailea, bestetik. Hiruren gidari, Mireia Gabilondo aritu da zuzendaritza lanetan. “Gauekoak” igande honetan estreinatuko dute Hondarribian eta astelehen eta asteartean Bilboko Arriaga antzokian izango dira.

«Gaua bada testuinguru bat non maskara guztiak kendu eta gu geu garen, gure isiltasun eta buruko zurrunbiloekin», esan zuen Mayak obraren aurkezpenean, eta Kukairen azken ikuskizunetan hainbat kolaborazio egin eta rol ezberdinak jokatu behar izan dituen bezala, lan berrirako hutsetik zerbait eraikitzeko irrika zuela azaldu zuen: «6 urtetik 42 urtera nire bizitzan etenik gabe egin dudan gauza bakarra dantza izan da. Nire muga eta nahiekin, pentsatu nuen polita litzatekeela hutsetik zerbait hastea». Hala, dantza piezek Mayaren ibilbidea dute ardatz, haur zela irabazi zituen aurresku txapelketetatik hasi eta Kukaik ardatz duen dantza tradizional eta garaikidearen arteko uztarketara. Koreografia hauek Mayak berak eta honek begiko dituen eta bere ibilbidean esanguratsuak izan diren hiru koreografok eraiki dituzte: Cesc Gelabert, Israel Galvan eta Sharon Fridman.

«Sortzailearen barruko estutasun eta momentu onak erakutsi nahi genituen, gaueko momentu horiek», azaldu zuen bere aldetik Gabilondok, eta eszenografia ere era horretan eraiki dutela argitu zuen. Ohe bat, sofa bat eta «sormenaren tanta» irudikatzen duen egitura bat dira elementu nagusiak eta espazio bakoitzak sortzaile banaren etxe edo espazio pertsonal horri egiten dio erreferentzia. «Sortzaile bakoitza bere etxean ikustea da ideia, bizilagunak balira bezala. Hasieran elkarren hotsak entzungo dituzte, musika, eta hortik abiatuko da euren arteko harremana», aurreratu zuen.

Ikuskizuna eraikitzeko barne-lanketa handia egin behar izan dute Mayak, Bandinik zein Minerrek, euren segurtasun gunetik atera eta jendartean erregistro berrietan aurkeztu. Hala, Miner, adibidez, Chopinen nokturno bat berrinterpretatzen entzuteko aukera izango da. Baita Maya, orain bi hamarkada izan zen dantzaria berriro bizitzen ere: «Ikuskizunaren zati batean 20 urte banitu bezala sentitu naiz, baina jada ez ditut», aitortu zuen. Zentzu horretan, ispiluaren aurrean jarri eta autokritika egin behar izan duela baieztatu du dantzari eta koreografoak, bere mugak eta bertuteak berriro marraztu.

Musikariak kontent azaldu ziren ikuskizunean duten partaidetzarekin. Bandinik beste arlo batzuetatik edan izana eskertu zuen: «Hemen ikusi ditudan diziplinekin ez dut sekula lan egin eta dantzak, musikak eta Mireiaren begiradak badute sakontasun bat orain arte sumatu ez dudana. Hori niretzat ospakizun bat da». Minerrek ere proiektua partekatzeak ekarri dion aberastasuna aipatu zuen: «Ideiak uztartu ditugu eta nigandik atera dira bestela aterako ez ziren zenbait gauza; hor sinergia aberasgarriak sortzen dira».

Dokumentuaren akzioak