Dokumentuaren akzioak
Gauargi nazioarteko jaialdiaren VII. ediziorik ez dute antolatuko aurten
Festibala antolatzen zuen elkarteak ekimena bertan behera uztea erabaki du Kanboko udalak lehentasuna kirolari ematen diola salatu dute antolatzaileek
«Jaialdiaren antolaketa etetea erabaki dugu» esanez azaldu zuen Peio Labegeriek Gauargi haur dantzarien nazioarteko jaialdia bertan behera uzteko erabakia hartu dutela. Hain zuzen ere, uztailaren erditsutan antolatzen zuten jaialdia urtero, Kanbon; bertan, nazioarteko dantza talde folklorikoek beren dantzak eskaintzen zituzten urtez urte. Aurten bere VII. edizioa zuen, baina jaialdia egiten zen gunearen inguruan Udalak hartu neurriak du behartu Gauargi antolatzen zuen elkartea erabaki hau hartzera. «Urtero jaialdia leku berean antolatzen genuen, eta joan den urrian, herriko kontseiluak gune hori kirol ekintzak bideratzeko erabilia izatea erabaki zuen. Honela, beste leku bat atzeman behar izan dugu», argitu zuen Peio Labegeri elkarteko lehendakariak. Hau dela eta, hastapenean Kanboko Udalaren eta elkartearen artean hainbat irtenbide aurreikusiak izan baziren ere, hauek ez diete elkartearen beharrei erantzuten. «Proposatuak izan diren kasu guztietan jaialdiak urtero biltzen duen ikusle kopurua bitan zatitu behar izango genuen», gehitu zuen lehendakariak. Jaialdiaren guneari dagokion adostasun ezarekin batera, Labegerik elkarteak bizi dituen diru arazoak aipatu zituen. «Dantzarien garraioa ziurtatzen zuen laguntzaileak elkartea utzi du, eta, horretaz gain, Akitania eskualdetik espero genuen diru-laguntzarik ez da azkenean iritsi. Herriko kontseiluak ez dio arazo honi erantzun nahi izan», erran zuen. Vincent Bru, Kanboko auzapezak, bestalde, jaialdiaren kostua sobera gora zela nabarmendu zuen besteak beste. «Jaial-diak segitzen ahalko luke gune murritzago batean, esate baterako, ezker paretan», argudiatu zuen. Udalak jaialdiaren antolaketari inolako lehentasunik ematen ez diola ikusirik dute bereziki hartu jaialdia bertan behera uzteko erabakia elkarteko kideek.
Dokumentuaren akzioak