Dokumentuaren akzioak
Gauargi festibala: Dantzak munduko hamaika txokotako haurrak elkartuko ditu Ezpeletan

Duela hogei urte baino gehiagoz, Ezpeletako herriak udaro hartu ohi ditu mundu osoko kulturak bere karriketan. Aurten ere, 1996an sortutako izen bereko elkarteak antolatzen duen Gauargi festibalak kasik 300 haur dantzari bilduko ditu: Serbiako ANIP Šumadija, Argentinako General Las Heras, Ukrainako Vitaminchyk eta Euskal Herriko ordezkariak. «Uztaila oro Euskal Herriko eta munduko hamaika txokotatik heldutako haur dantzariei harrera egiteko aitzakia bat da», adierazi dute antolatzaileek.
Hala, abiatze ekitaldia uztailaren 18an, ostirala, 20:30ean izanen da, Ezpeletara gonbidatutako munduko taldeen ikuskizunarekin; ikuskizun hau uztailaren 21ean, astelehenean, berriz ikusteko aukera izanen da. Sartzeak eskuragai dira esteka honetan.
Uztailaren 19an, larunbatean, bestari goizeko 10:00etan ekinen diote bertaratutakoek, karrikako animazioekin; 18:00etan, 'Ezpeletak munduko haurrekin dantzatzen du' ekimena dago aurreikusia, eta 20:00etan folk‑dantzarako tenorea helduko da, Zezé taldearen doinuekin. Ikuskizun horiei begira, «magia beti agertzen da eta ikusleak hunkitzen ditu», iragarri dute elkarteko kideek.
Horretaz gain, Ezpeletako guinguette guneak, arratsaldero 18:00etatik aitzina eginen die harrera festibalariei, kontzertuak, animazioak, edatekoa eta jatekoa eskaintzeko, gaueko gaueko hamabietara arte.
Gauargik Kanbo eta Itsasu ere argiztatuko ditu: karrika animazioak izanen dira, hurrenez hurren, ostiral goizean (10:00etan) eta larunbat arratsaldean (14:30ean).
Eszenaren gibelean, alde gizatiarra jorratzen du dantza festibal honek. Izan ere, «balio sozial, gizatiar eta kulturalek inspiratzen dute gure ekimenen osotasuna», diote antolatzaileek, belaunaldien arteko topaketek duten garrantzia azpimarratuz.
Ekimenak tokiko erakundeen babesa dauka —Euskal Kultur Erakundea (EKE) eta Ezpeletako, Kanboko zein Itsasuko Herriko Etxeak, besteak beste—, eta bere burua finantzatzen du, neurri batean, urtero antolatzen dituen bigarren eskuko azokei esker.
Gauargi, gainera, CIOFF‑en kide da, UNESCOren bazkide den Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE), mundu osoko folklore eta arte tradizionalen jaialdien antolatzaileak biltzen dituena.
Dokumentuaren akzioak