Dokumentuaren akzioak
Gauargi dantza jaialdia bihar hasiko da Kanbon
Hilaren 19a arte iraungo du
Bihartik hilaren 19a bitartean Gauargi haur dantza festibala iraganen da Kanbon. Aurten, Proventza, Errusia, Ukraina, Argentina, Mongolia eta Euskal Herriko dantza taldeak etorriko dira beren ohiko dantzen aurkeztera. «Goi mailako taldeak dira eta horrek du jaialdiaren fama egiten», Martine Hiriart-Urruti Gauargiren antolatzaileetariko batek azaldu zuenez. Bederatzi eta hamabost urte arteko 300 bat dantzarik parte hartuko dute. «Nahiz eta biziki gazteak diren, dantzari oso onak dira. Izan ere, astean bi edo hiru aldiz entrenatzen dira, eta dantza biziki zorrozki lantzen dute», erran zuen antolatzaileak. «Aurtengo programa biziki zabala da, eta talde guztien musika eta dantzei esker nolabait munduaren itzulia eginen dugu», gaineratu zuen. Urtero bezala, jaialdia oihal-etxe baten azpian eginen da, errugbi zelaiaren ondoan.
Igande eta ostegunean, alegia lehen eta azken emanaldietan, talde guztiak agertuko dira. Beste gauetan, aldiz, talde horietarik bi baizik ez dira ikusten ahalko, zeinek dantza gehiago erakutsiko dituzten. Egunean zehar ere Kanboko karrikak alaituko dituzte eta astelehen eta asteartean , arratsaldeko hirurak eta erdietan oihal-etxean dantzatuko dute.
«Haur guztiak Kanbo, Ezpeleta, Larresoro eta Hazparneko 60 bat familiatan banatuak dira, bi talde barnetegian daudelarik», azaldu zuen Martine Hiriart-Urrutik. «Bost egunez jende horiekin bizi gara, eta gure artean gertatzen den truke kulturala oso garrantzitsua da. Hizkuntza, erlijio eta ohitura desberdinetakoak dira eta ikasten dugu elkar errespetatzen», erran zuen. «Euskal Herrira heltzean, talde gehienek uste dute Frantziakoak direla, eta harritzen dira euskal nortasuna eta kultura eta euskara deskubritzen dituztelarik. Jaialdia tresna ona da ere Euskal Herriaren errealitatea ezagutarazteko eta kanpora zabaltzeko».
Gauargi festibalak aste bat berantago iragaiten den Irungo dantza festibalarekin lan egiten du, eta Kanbotik pasatuko diren talde argentinar eta errusiarrak Irunera joanen dira dantzatzera ondoko astean.
Dokumentuaren akzioak