Dokumentuaren akzioak
Gau Beltzeko jarduerak, auzoz auzo
Datorren astean izango da Gau Beltza, asteartetik asteazkenerako gauean, eta azken urteotan ohikoa izaten ari den moduan, jarduerak antolatu dituzte Donostiako hainbat auzotan. Denetarik antolatu dute: kalejirak, ipuin kontalariak, eta abar.
Parte Zaharreakoak izango dira Gau Beltzaren harira mugitzen hasiko diren lehenak, larunbat honetarako dagoeneko jarduera bat antolatu baitute: haurrentzako ginkana (11:30). Bestalde, igandean haurrentzako Ginkana Beldurgarria egingo dute Urgullen. Astelehenean, Ongi Etorri Eskolara taldeko kideekin batera, Mexikoko eta Euskal Herriko aldarearen prestaketa lanak egingo dituzte, haurrentzako ikastaro batzuekin batera. Azkenik, asteartean ipuin kontaketa eta kalejira izango dituzte, besteak beste.
Bestalde, Egian, Ibaetan, Antiguan, Txomiñenen, Morlansen, Loiolako Erriberan eta Altzan ere ospatuko dute Gau Beltza, astearte arratsalde-gauean bertan antolatutako jarduerekin.
Egian, 20:00etan hilerriko sarreran elkartuko dira mozorrotuta, eta kalejiran abiatuko dira auzoko kaleetatik. Ondoren, ipuin kontaketa, beldurraren pasabidea, zezensuzkoa eta beste hainbat jarduera izango dituzte. Ibaetan, 18:00etan hasiko dira, eta dantza, mozorro tailerra eta esku lanak egiteko aukera izango dituzte, besteak beste.
Antiguan, frontoian egingo dituzte jarduerak, 16:30ean hasita; jolasak, ihes gela, dantza, txokolate jana eta zezensuzkoa izango dituzte, beste hainbat gauzaren artean. Txomiñenen, haurrentzako merienda, jolasak eta disko festa izango dituzte Lanberri auzo elkartearen lokalean, 19:30ean.
Morlansen, 19:30ean elkartuko dira Leire plazan, eta arimen ibilbidea egingo dute, baita bideo proiekzio bat ere. Azkenik, Altzan haur eta gazteentzako jarduerak izango dituzte 17:00etan; dantza eta kantu ekitaldia, txokolate jana, beldurren erreketa eta arimen ibilbidea 19:00etan eta pintxoak eta Bull DJ-aren emanaldia 20:30ean.
Dokumentuaren akzioak