Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gau Beltza suspertzen

Dokumentuaren akzioak

Gau Beltza suspertzen

Euskal Herriko ohituretan oinarrituta ospatuko dute bihar Gau Beltza edo Arimen Gaua herri askotan. Mozorrotu egingo dira toki gehienetan
Egilea
Alex Uriarte Atxikallende
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/10/30
Lotura
Berria
Mozorrotzea da Gau Beltzaren ospakizunen artean gehien hedatu diren ohituretako bat.
Mozorrotzea da Gau Beltzaren ospakizunen artean gehien hedatu diren ohituretako bat. EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA

Euskal Herriko ohituretan oinarrituta urriaren 31n egiten den ospakizuna da Gau Beltza. Egun, Halloween jaiak hartu duen presentzia dela eta, hainbat dira tokiko jai hori berreskuratzeko asmoz egiten diren egitasmoak.

Herri horietako bat da Mutriku (Gipuzkoa). Bertan, urteak dira jaialdi berezi hori ospatzen dutela: Talaixako Mamua izeneko pertsonaia ere sortu dute, ospakizunaren inguruan. Aurten, bi eguneko egitaraua izango dute: gaur, 20:00etatik hasita, Axuri Beltza kalejira, Talaixako Mamua usatzeko espraikada eta beldurrezko filmen maratoia izango dituzte. Bihar, 17:00etan, munstroak makillatzeko tailerra egongo da; 19:00etatik aurrera, Sorginak kalejira egingo dute; eta, 21:00etatik aurrera, umeentzako dantza festa eta Sustrai Doinuak-en diskoteka izango dira.

Bergarako Udalak (Gipuzkoa) ere astebeteko egitaraua prestatu du aurten; herriko hainbat eragilek proposamen ugari antolatu dituzte, «euskara, natura, komunitatea, ondarea, inklusibitatea eta festa» batzen dituen ospakizunaren inguruan. Gaur, 18:30ean hasita, herriko musika eskolak Kalabera abestia joko du San Martin plazan, eta, horren ostean, txokolate jatea egongo da; 19:30ean, Deabru Beltzak taldeak Su Danborrak ikuskizuna emango du, herriko kaleetan. Bihar, Bautista Legenardunaren bisita gidatuak egingo dituzte, 21:00etan eta 23:00etan.

Tokian tokiko aldaerak

Euskal Herriko beste herri ugaritan ere izango dituzte Gau Beltzarekin lotutako egitasmoak: Etxauribarren (Nafarroa), Lekeition (Bizkaia), Aretxabaletan (Gipuzkoa), Maule-Lextarren, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), Urnietan (Gipuzkoa), Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Itsasun (Lapurdi).

Itsasuren kasuan, estreinakoz prestatu dute Arimen Gaua. «Komertzialtasunari eta era horretako jaiak frantses hutsean ospatzeko ohiturari ihes eginez», eredu berri bat proposatu du herriko ikastolako guraso elkarteak. Izan ere, jaialdia umeen iruditegi kolektiboan «modu arrotz eta desegokian» barneratzen ari den kezka dute.

Gainontzeko herriei helduta, Lekeition, Katu Baltz jaia egiten dute; Oiartzunen, mozorro jaia; Etxauribarren, gozokiak biltzeko errondak. Beraz, Euskal Herriko toki askotan badu presentziarik Gau Beltzak.

Usadiook landu dituzte Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek, eta Itzalitako kalabazen berpiztea liburuan bildu. Altunaren arabera, «erritu horiek, gutxienez, XX. mendekoak dira»: «Heriotza eta neguaren iritsiera omentzen dituzte, baina umeak dira protagonistak». Janariak ere presentzia handia du jaiotan, «negu aroko euskal kulturak, kuiez eta gozokiez gain, janari azokak eta eske errondak betidanik eduki izan baititu».

Gau Beltza 

Gaur eta bihar, Euskal Herriko hainbat herritan.

Dokumentuaren akzioak