Datorren ekainaren 7an hasiko da KaldeArteren XIV. edizioa, Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia. Hogeita hamabost ikuskizun eskainiko dituzte gonbidatutako konpainiek, formatu handiko, ertaineko zein txikiko 70 emanalditan.
Parte hartuko duten konpainien artean hamazazpi dira Euskal Herrikoak, eta horietatik zazpi gasteiztarrak. Gainerako taldeak Kataluniatik, Andaluziatik, Frantziatik, Txiletik, Erresuma Batutik edo Madriletik datoz. Horien artean, jaialdi ospetsuenetako azken edizioetan saritutako zenbait lan ikusi ahalko dira, eta hainbat estreinaldi. Hala, Estatu mailan, lehen aldiz plazaratuko da Gasteizen Bigbinome talde frantziarraren Saut zirku-ikuskizuna. Halaber, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen aldiz ikusi ahalko dira Kaldearten Les Impuxibles talde katalanaren Painball lana, eta Entre Nous taldearen azken obra.
Hasierako ikuskizun ibiltaria Teatro del Silencio konpainia txiletarraren 22 aktorek eszenaratuko dute; Udalak adierazi duenez, Rumbo al cementerio lana aurkezteko Gasteizko berrogei boluntario bila dago konpainia. Izena emateko, Kultura Zerbitzuarekin harremanetan jarri behar da, posta elektronikoz (infocultura@vitoria-gasteiz.org) edo telefonoz (945 161 268).
"Oraingo edizioan, konpainia kopuruari zein aurrekontuari eutsiko die erakustaldiak; ostiral arratsaldeko eta larunbat goizeko programazioa mantenduko eta handituko da, eta orain arte erabili ez diren beste espazio batzuk gehituko dira, hala nola Lanbideen Udal Lantegi-eskola, Musikaren ibilbidea, eta landa-inguruneko espazio bat ere bai", adierazi du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak.
Euskal Herriko lanak
Euskal Herriko produkzioen artean, Gure Zirkua euskarazko lehen zirku ibiltaria ikusteko aukera izango da KaldeArteren programazioaren barruan, ekainaren 7an, 8an eta 9an, Musikaren Ibilbidean. Halaber, Goiuri Jauregian kontzertua eskainiko dute Jon Basagurenek, ekainaren 7an, 21:00etan; eta Maider Zabalegi abeslari eta konpositoreak, Gorka Urra eta Urbil Artolarekin batera, ekainaren 8an, 21:00etan.
Deabru Beltzak taldea berriro itzuliko da KaldeArtera, perkusioaren eta suaren arteko nahasketa irudikatzen duen Symfeuny ikuskizun ibiltariarekin. Larunbatean, ekainaren 8an, 23:30ean, San Vicente aldapan hasiko da ikuskizuna. Halaber, kablearen gaineko orekan espezializatutako artista Garazi Pascualek Erraia obra aurkeztuko du, ekainaren 9an, Arka Plazan, 12:00etan, eta 19:00etan.
Gasteiztarren artean, Altraste Danza taldeak Qué tienen las flores aurkeztuko du, ekainaren 8an; Pez Limbok Oxido lana, ekainaren 9an; eta Miriam Isasi artistaren Caballo Blanco performancea ikusgai izango da ekainaren 8an eta 9an, alde zaharreko eta erdiguneko oinezkoen esparruan. Sara Alvarezek eta Ortzi Acostak Begiradak ikuskizuna estreinatuko dute, ekainaren 7an eta 8an. KaldeArten izango dira halaber, Gasteizen ekoitzitako Zanguangoren Al otro lado, eta El Mono Habitadoren Benditas.