Dokumentuaren akzioak
Gasteizko Jose Uruñuela Kontserbatorioak dantza jaialdia egingo du igandean
7 eta 20 urte arteko 150 dantzari elkartuko dira igandean, 18:00etatik aurrera, Principal Antzokian egingo den dantza jaialdian. Bi urtez behin egin ohi dute jaialdia, baina pandemia dela eta, 2019an izan zen azkena. “Imajina dezakezuen moduan, sekulako ilusioa egiten die ikasleei, zentroko taldekideei, familiei… hiru urte ospatu gabe daramagun jaialdi hau izateak”, nabarmendu du kontserbatorioko zuzendaria den Ainhoa Arenazak. Hiru dantza-modalitate aurkeztuko dituzte: dantza klasikoa, dantza garaikidea eta euskal dantzak. Bestetik, bi antzerki-lan ere eskainiko dituzte eta baita ikasketen amaieran dagoen ikasle batek landutako abesti bat ere. Programaren lehen zatian, honako lan hauek izango dira gozagai: Agurra, Una tarde en la playa, Panpin, Andanza, Michifíj, Eskuak, Playful, Rodeo, Excusez moi, eta Urpean. Ondoren, kontserbatorioko dantzariek La Llorona, Erain, The Wendy house, Vals de Giselle, De Liberacion, Instrumentos, Paquita eta Saludos lanak dantzatuko dituzte. Jaialdirako sarrerak Principal Antzokiaren webgunean daude salgai, 12, 8 eta 5 euroan.
Dokumentuaren akzioak