Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Garazi Egigurenen 'Argilunak' ikuskizuna saritu dute

Dokumentuaren akzioak

Garazi Egigurenen 'Argilunak' ikuskizuna saritu dute

Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2025/05/21
Lotura
Ataria

Leioako 25. Umore Azokan estreinatu berri du Komorebi Produkzioak proiektuaren lana, eta epaimahaiaren aipamen berezia eta publikoaren Euskarazko Ikuskizun Onena saria jaso ditu.

Garazi Egiguren Urkola dantzari tolosarra buru duen Komorebi Produkzioak proiektuak pasa den asteburuan estreinatu zuen Argilunak ikuskizuna, Leioako (Bizkaia) Umore Azokaren 25. edizioan. Bi saio egin zituen, maiatzaren 16an eta 17an, ostiralean eta larunbatean, Leioako institutuan.

Bada, estreinaldiarekin batera, bi sari jaso ditu tolosarraren proiektuak. Lehenik, epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. Euskal kulturaren sustraiak biltzen dituen proposamen hipnotiko baten garaikidetasuna nabarmendu du epaimahaiak: «Bere sendotasun plastikoa, dantzaren exekuzioa eta eszenaratze berritzailea dantza garaikidea publiko anitz batengana hurbiltzen duten elementuak dira». Epaimahaiak adierazi duenez, kalitatea eta sormena izan dira aurtengo edizioko ikuskizunen ezaugarri nagusiak.

Bestetik, publikoak hala erabakita, Euskarazko Ikuskizun Onena saria ere jaso du Egigurenen proiektuak. 700 boto baino gehiago jaso dira, eta boto gehien lortu dituen ikuskizuna Argilunak izan da.

Zer da 'Argilunak'?

Argilunak dolu prozesu batetik sortutako lana da, galera batek eragindako krisitik abiatu zena. Dantza eta ikus-entzunezko arteak uztartuz, bizitzaren izaera duala sinbolizatu eta mugen inguruko tentsio globalak esploratzen ditu. Espazio honetan muga horiek gainditzen dituzten aukerekin esploratuko da. Proiekzioen bidez, ohiko ikuspegi frontala apurtu eta gertutasuna eskainiko da, materiala eta ez-materialaren arteko mugak zabalduz. Dualtasun orok duen alde ilunen presentzia onartu eta leku bat aitortuko zaie, argi-ilunen koexistentzia aldarrikatuz.

Honako hauek osatzen dute Komorebi Produkzioak proiektua:

  • Garazi Egiguren Urkola: Sentimenduak dantzan jarri ditu proiektu honetan.
  • Nerea Gurrutxaga Arruti: Ideiak gorpuzten eta gorputzei mugimendua gidatzen ari da.
  • Amaia Santamaria Andres: Itzal eta argien arteko jolasa, material eta birtualaren mugak lausotuz.
  • Mattin Zeberio Larraza: Unibertso sonoroaren diseinua, elektronikoa bezain organikoa.

Dokumentuaren akzioak