Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gamereko maskaradek Donibane Lohizunera joko dute larunbatean

Dokumentuaren akzioak

Gamereko maskaradek Donibane Lohizunera joko dute larunbatean

Igandea arte maskaradetako pertsonaiei buruzko erakusketa dago zabalik

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donibane Lohizune
Mota
Albistea
Data
2002/02/13

Gamereko maskaradak larunbat honetan Donibane Lohizunen agerraldi bat eskainiko du. Udako Euskal Unibertsitateak (UEUk) gonbidaturik, Arbaillako mendien magaletatik Lapurdiko itsasertzera etorriko dira 45 dantzari eta antzezlariak. 11:00etan barrikadekin hasiko dira. 15:30ean ikuskizun nagusia eskainiko dute Louis XIV.a plazan.

Bertan, normalean, herriko agintariei begira bertsu berezi batzuk egin beharrean zeudela adierazi zuen Txomin Peillen idazle zuberotarrak. «Zuberoako herrietan maskaradak beti gizartearen kritika egiten duela» oroitarazi zuen Parisen sortutako euskal idazle ezagunak.

Maskarada astea Donibane Lohizunen «euskal kulturara hurbiltzeko gustua pizteko» antolatzen zutela azaldu zuen Maitena Carment UEUko Ipar Euskal Herriko arduradunak. Inauteri garaiak direla, Maskarada bezalako kultur ondareari tarte bat eskaintzea erabaki du UEUk.

Mintzaldi, erakusketa eta eztabaidak

Maskarada barnetik ezagutzeko aukera eskaintzea nahi du UEUk. Horretarako, hainbat hitzordu finkatu ditu. Maskaradetako pertsonaia ezberdinekin lehen aitzin jasta gisa, Ducontenian erakusketa jarri du abian. Igande arte, arratsaldero dohainik bisitatzen ahalko da. Bertan, Amrac elkartearen bitartez, margo eta marrazki zenbait bildu dituzte. Maskaradetan zinez erabiliak izan diren jantziak ere jarri dituzte.

Maskaradak zer ote diren zuzen jakiteko, gaur arratsaldeko 15:00etako hitzordura gonbidatzen du UEUk. Ducontenian, Patxi Labordak hitzaldia eskainiko du. UEUko kidea, folklorean aditua, diapositiben bidez aurkeztuko du maskaraden nondik norakoak. Donibane Lohizune inguruko kolegio eta lizeoko ikasleei da batez ere zuzendua hitzaldia. Gaur arratsean, mahai-inguru baten bidez, zaletuek beren iritzia ematen ahalko dute Zuberoko Maskaradaz. Dominique Agergarai eta Patrick Queheille maskarada sortzaileak izango dira Ducontenian, 19:00etan. Haien ondoan Txomin Peillen ariko da hizketan.

Larunbatean, maskaraden ondoren, Ducontenian, arratseko 18:00etan sinesmen zaharrak ukanen dituzte aipagai. Joseba Aurkenerena irakasleak jorratuko du gai hori.

Maskaraden inguruko aste osoa antolatzeko, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak laguntza eskaini die antolaketa lan horietan aritu direnei.

Dokumentuaren akzioak