Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Galdakao eta Altsasu, Andra Marik inauteriak berreskuratzeko lanak senidetuta

Dokumentuaren akzioak

Galdakao eta Altsasu, Andra Marik inauteriak berreskuratzeko lanak senidetuta

Altsasu eta Galdakaoren arteko senidetzea sinatuko dute larunbatean herri bietako alkateek Galdakaon egingo duten ekitaldian. Andra Mari dantza taldeak 1970eko hamarkadan Altsasuko inauteriak berreskuratzeko egindako lanetik dator ekimena, eta kultur transmisioan sakontzea du helburu.
Komunikabidea
Gaur8
Tokia
Galdakao eta Altsasu
Mota
Albistea
Data
2026/01/27
Lotura
Gaur8

 

Irudian, momotxorroak, Altsasuko inauteriko pertsonaia nagusiak.
Irudian, momotxorroak, Altsasuko inauteriko pertsonaia nagusiak. (Jon URBE | FOKU)

 

Larunbatean bi herrien arteko senidetzea sinatuko dute Galdakaoko eta Altsasuko udal mandatariek, Andra Mari dantza taldeak Altsasuko inauteriak berreskuratzeko egin zuen lana oinarri hartuta. Larunbatean bertan ekitaldia egingo dute Galdakaon, eta herri bietako alkateek, Iñigo Arriandiaga Hernandok eta Javier Ollo Martinezek, hurrenez hurren, sinatuko dute senidetzea. 

Torrezabal Kultur Etxean izango da ekitaldia, eta udal mandatarien ondoan, Andra Mari dantza taldea eta Altsasuko Herri Inauteri Batzordea egongo dira. Aurreratu dutenez,  inauteri berezi horietako protagonista diren momotxorroak eta Galdakaoko dantzariak ere izango dira bertan. Gainera, udal biek «egun historiko honetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak». 

Hitzorduaren harira, ohar batean Galdakaoko Udal Gobernuak gogoratu du herriak senidetzen direnean ez direla soilik erakundeak batzen, «historiak, tradizioak eta balioak» ere elkarlotzen direla.

Inauteriak berreskuratzeko lana

Senidetze horren abiapuntuan Andra Mari dantza taldeak egindako lana dago. Izan ere, Nafarroako herriko inauteriaren inguruko ikerketa abiatu zuen pasa den mendeko 70eko hamarkadan, eta «lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen».

Bi herrien arteko senidetzea ez da keinu sinbolikora mugatuko, «bi herrietako ordezkari instituzionalen eta kultur arloko eragileen arteko lankidetza esparru egonkorra ezartzeko borondatearekin» sortu baita. 

Aurreratu dutenez, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, «belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko». «Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak 1970eko hamarkadan abiatu zuen ikerketa eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko lanari jarraipena emango zaio horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin», adierazi dute Galdakaoko Udaletik.

Dokumentuaren akzioak