Dokumentuaren akzioak
Galdakao Dantz jaialdi-lehiaketa, zapatu honetan Torrezabal Kultur Etxean
Otsailaren hasierarekin eman zuen Binkek Galdakao Dantz lehiaketan izena emateko epea zabalik zegoenaren berri. Bada, izen emateko epea aspaldi itxita, zapatu honetan ospatuko da dantza urbano eta garaikideak taula gainera igoko dituen lehiaketa izaerako jaialdia, Torrezabal Kultur Etxean.
Kategoria bi izango ditu lehiaketak, eta zapatuan bertan saio bitan eskainiko dira ikuskizunak: 16:00etan junior kategoria arituko da eta 19:00etan kategoria absolutua. Bi kategoriek «Break On Stage» Euskal Herri mailako dantza urbanoen lehiaketarako txartela eskuratu dezakete Galdakaon lortuko duten emaitzaren arabera.
Horretarako hiru epaile izango dira, Markos eta Enrike dantza urbanoetan adituak direnak, eta Ane Perez, dantza garaikidean aditua. Hiru epaimahaikideek minutu banako dantzaldia eskainiko dute gainera saioen hasieran, jaialdiaren antolatzaileek Binkeri baieztatu diotenaren arabera.
Ordubete inguruko iraupena izango du saio bakoitzak eta guztira 13 talde izango dira junio kategorian aurtengo Galdakao Dantz lehiaketan. Horietatik hiru talde galdakoztarrak izango dira gainera, Binkek jakin ahal izan duenez: The Owls, Infinity eta No Limits. Kategoria absolutuan berriz, hamar talde igoko dira agertokira eta horietatik bakarra izango da galdakoztarra: Strast taldea.
Lehenengo saiorako sarrera gehienak agortu egin dira, leku sakabanatuetan geratzen diren hogeiren bat aparte. Horregatik antolakuntzak ez du aurreikusten egunean bertan lehiatilan salgai izango direnik. Bigarren saiorako ordea, kategoria absoluturako, oraindik sarrerak salgai daude, eta Torrezabal Kultur Etxeko txarteldegian egongo direna bermatu dute —5€ko prezioan—.
Dokumentuaren akzioak