Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gaizka Morales: "Sekulako pribilegioa izan da Arriaga antzokian dantza egitea"

Dokumentuaren akzioak

Gaizka Morales: "Sekulako pribilegioa izan da Arriaga antzokian dantza egitea"

Egilea
Larraitz Zeberio Lekuona
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Elgeta
Mota
Elkarrizketa
Data
2021/06/15
Lotura
Goiena

Ezagutzen dutenek ondo dakite zer-nolako pasioarekin bizi duen dantza elgetarrak. Pozgarria da ametsak betetzen ikustea. Amets horietako bat da Dresden Frankfurt Dance Company-ko dantzaria izatea. Abuztu amaieran joango da Alemania aldera.

 Zer izan da zuretzat Arriaga antzokian dantzatzea?

Sekulakoa izan da. Bartzelonako Lizeoan ere dantzatu izan dut, baina egun bakarrerako joanda. Kasu honetan, hilabetez izan gara antzokian sorkuntza prozesua eta entseguak egiten. Polita izan da; egunero agertoki horretan eta norberaren kamerinoarekin! Gero, obra bera ere oso jolasgarria da. Pertsonaia asko egin ditugu, arropa aldaketa oso bizkorrekin, eta antzerkirako espazioa genuen dantzariok... Oso-oso ondo egon da. Sekulako pribilegioa izan da.

Etxekoen berotasuna ere sumatuko zenuen, ezta?

[Barre] Bueno… asko! Zapatuan Elgeta erdi etorri zen emanaldia ikustera. Oso-oso hunkigarria izan zen.

Esanguratsua da egiten ari zaren ibilbidea, baina Alemaniarako pausoa ez da nolanahikoa.

Oraingoz, urtebeterako kontratua lortu dut asko gustatzen zaidan eta Europa mailan onenetakoa den Dresden Frankfurt Dance Company-rekin. Dantza garaikideko konpainia bat da, eta oso pozik nago. Kontratu ona da: nire oporrekin eta lanorduekin. Gainera, dantzariek ballet entrenamendu oso indartsuak egiten dituzte, eta Jacopo Godani zuzendariak gorputzaren mugimendua ulertzeko modu oso espezifikoa du. Apirilean jaso nuen dei bat esanez zerrenda batean nengoela, eta joateko audizio bat egitera. Bi egun egin nituen haiekin, eta ikusi nuen beste mundu bat dela. Berehala esan zidaten eurekin nahi nindutela. Amets bat betetzea da niretzat.

Europa mailako birak etorriko dira, orduan?

Ez dakit pandemiarekin zer gertatuko den, baina, ziurrenik, bai. Europa osoan mugitzen den konpainia da. Uste dut irailean Serbian dugula emanaldi bat. Asko ikasiko dut, seguru!

Dokumentuaren akzioak