Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gaizka Morales elgetarra ikuskizun berria prestatzen ari da Dresden Frankfurt Dance Companyrekin

Dokumentuaren akzioak

Gaizka Morales elgetarra ikuskizun berria prestatzen ari da Dresden Frankfurt Dance Companyrekin

Egilea
Larraitz Zeberio Lekuona
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Elgeta
Mota
Albistea
Data
2022/02/08
Lotura
Goiena
Gaizka Morales dantzan. (Argazkia: Gaizka Morales).

Abuztua ezkero, dantza garaikidea egiten duen dantza konpainiako kide da Morales. Esperientzia "guztiz aberasgarria" izaten ari dela azaldu du. Otsailean estreinatzekoa duten kreazio berrian dihardute gogor lanean.

Frankfurten bizi da gaur egun Gaizka Morales elgetarra. Dantzari profesionala da, eta dantzan ematen du ia egun osoa. "Hiriguneko auzo batean bizi naiz, eta oso gustura nago. Eguneko ordu gehienak lanean pasatzen ditut; gure estudioan edo antzokian", azaldu du.

Jacopo Godanik zuzentzen duen Dresden Frankfurt Dance Companyn dihardu lanean, eta hasiera batean urtebeteko kontratua sinatu bazuen ere, bere asmoa "beste urtebete geratzea" dela esan du. "Errepertorioko piezak dantzatzeko eta kreazio berrietan parte izateko aukera izan dut hasiera-hasieratik. Orain, presio handiagoa sentitzen dut. Azkenean, konfiantza handiagoa dago koreografoarekin, eta hobeto ezagutzen dugu elkar. Eskatzen du nire gaitasunak muturreraino eramateko, eta nire erantzukizuna da egoki erantzutea".

Ikuskizun berria prestatzen

Godaniren dantza konpainia otsailean estreinatzekoa den Premonitions of a larger plan ikuskizuna sortzen ari da. Guztiz zuria den espazio batean mugituko dira dantzariak, lau musikariren zuzeneko musikarekin eta hainbat bideo proiekzio tarteko direla. "Konpainiaren lan guztietan bezala, piezen mamia gorputzaren erabileran eta mugimenduak lortzeko mekanika konplexuak eta berriak aurkitzean datza. Hori horrela, kreazio prozesu oso sakona da. Ordu asko pasatzen ditugu dantza materiala sortzen eta hori lantzen, ikertzen eta hobetzen. Estudioan pasatzen dugu eguna mugimendu berriak sortzen, ispilu aurrean akatsak zuzentzen, eta koreografoaren zuzenketak aplikatzen (...) Aurreko esperientziekin alderatuta ezberdintasun handiena lan mentala dela esango nuke. Etengabeko ikerketa egiten dugu egunero, gorputzaren erabilera mekanika konplexuen bitartez bilatzen dugu, eta teknika oso espezifikoa lantzen dugu emaitza ezberdinak aurkitzeko".

Dresden hirian estreinatuko dute pieza berria. "Konpainia Dresden eta Frankfurt hiriei dagokie. Frankfurteko Bockenheimer Depot antzokia gure etxea bezala da, eta bertan egiten ditugu emanaldi gehienak (...) Estreinatzeko eguna gerturatu ahala, musikariak helduko dira, eta antzokian pasako ditugu egunak musikaltasuna eta espazioaren erabilera lantzen zein piezako zatien arteko konexioak eta talde osoko zatiak integratzen".

Formakuntza jarraitzeko aukera

Hamalau dantzarik dihardute Dresden Frankfurt Dance Company delakoan. Izen handia duen konpainia da, eta izen handikoa da baita ere zuzendaria: Jacopo Godani. Dresden eta Frankfurt hirietan egiten ditu emanaldi gehienak konpainiak, baina asko mugitzen da. "Askotariko herrialdeetara bidaiatzeko aukera izan dugu", azaldu du Moralesek. "Adibidez, Errusian eta Serbian izan gara. Emanaldi bereziena, agian, Errusiakoa izan zen. Mundu osoko goi-mailako dantzari mordo batekin elkartu ginen Dance Open izeneko gala garrantzitsuan.

 

Konpainian leku askotako dantzariak daude: "Mundu osoko jendea elkartu gara: Australia, Kanada, Italia, Belgika, Brasil, Ameriketako Estatu Batuak, Eslovakia eta Alemania. Apirilean egindako entzunaldian ezagutu nituen guztiak".

 

Morales dantza konpainiako kideekin, Errusian.

 

Gabonetako bisita Elgetara

Opor egunak izan zituen Moralesek Gabonetan, eta etxera itzultzeko baliatu zituen. "Beharrezkoa nuen eguntxo batzuk etxean pasatzea. Etxera bueltatzeaz gehien gustatzen zaidana da dena utzi nuen bezala aurkitzea, denbora pasa ez balitz bezala. Familiarekin, betiko lagunekin eta betiko lekuetan egoteak sekulako poztasuna ematen dit. Elgetan dugun natura eta paisaia ezin da inon aurkitu. Gero eta gehiago baloratzen dut".

 

Morales dantzan azaroan estreinatutako kreazio batean.

Dokumentuaren akzioak