Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gabirian, denak dantzari

Dokumentuaren akzioak

Gabirian, denak dantzari

Egilea
Asier Zaldua
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Gabiria
Mota
Albistea
Data
2011/07/09
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

GABIRIA izango da, ziur aski, dantza taldea duen Gipuzkoako herri txikiena. Hala, Goruntz herriaren enbaxadore nagusia da. Gabiriarrak harro egotea ez da harritzekoa, 500 biztanle baino gutxiago dituen herri batek 40 urtetan dantza taldeari eustea meritu handikoa baita.

Gaur bertan ospatuko dute taldearen urteurrena. 11.30ean dantza saioa izango da eta 14.30ean bazkaria. Ondoren, Gari eta Iñaki trikitilariekin erromeria izango da eta haurrek puzgarrietan jolasteko aukera izango dute. Iluntzean gabiriarrek oilasko errea jango dute eta sagardoa edango dute. Bukatzeko, 22.00etan Gabezi taldearen kontzertua hasiko da. Bestalde, kultur etxean 40 urte hauetan ateratako argazkiak ikus daitezke. Gainera, kamisetak eta zapi gorriak jarri dira salgai.

Goruntz dantza taldea Zumarragako Esteban Orbegozo enpresan lan egiten zuten bi gabiriarrek sortu zuten, Urretxuko Lurra taldeko Jose Daniel Apaolaza lankideak bultzatuta. Handik gutxira 25 lagun ziren.

Ia herri guztia pasa da dantza taldetik. Gabiriako gazte batzuk Ormaiztegira edo Ezkio-Itsasora joan dira bizitzera, baina euren seme-alabak Goruntzekoak dira.

Jexux Gorrotxategi taldeko kideak gogoratzen duen moduan, Gabiria herri txikia eta eskola eta dantza taldea izan dira "bizitza" eman diotenak. "70eko hamarkada hasieran euskal kulturaren alde lan egiteko gogo handia zegoen", oroitzen du.

Beste toki askotan ez bezala, Gabirian ondorengoek ere lanean jarraitu dute. "Guk gazteei irakatsi genien eta hauek ondorengoei irakatsi diete. Transmisioa egon da", aipatu du.

Etorkizunari dagokionez, baikor ageri da. "Orain arte bezala jarrai-tzen badugu eta gainontzeko taldeekin harremanak estutzen baditugu, etorkizuna oparoa izango da.

Dokumentuaren akzioak