Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gaba Baltzaren bueltan kontu asko datozen egunetan

Dokumentuaren akzioak

Gaba Baltzaren bueltan kontu asko datozen egunetan

Urriaren 31a badator eta munduko txoko askotan ospatuko dute Halloween. Baita Aretxabaletan ere azken urteotan; aurten, ostera, Gaba Baltza izango da. Eta hori girotzeko egitarau txukuna antolatu dute Loramendi elkarteko kideek.
Egilea
Mirari Altube
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Aretxabaleta
Mota
Albistea
Data
2017/10/19
Lotura
Goiena

"Halloween indarra hartzen zebilela konturatu ginen iaz, eta geure jaiak berreskuratzearen aldeko apustua egitea erabaki genuen", jakinarazi du Martin Berrizbeitiak, Loramendiko teknikariak. Bertako jaien gaineko hitzaldiak egin dituzte urte guztian –Aratusteak, San Juan bezpera…– eta orain, arimak kalera aterako diren gau horri helduko diote. 

Jaime Altuna (Amasa-Villabona, 1973) eta Josu Ozaita (Baliarrain, 1980) antropologoak gonbidatu dituzte datorren eguenean, urriaren 26an, udaletxe zaharrera (19:00). Itzalitako gaba beltza berpizten hitzaldia eskainiko dute, eta Halloween edo Animen Gauak Euskal Herrian izan duen bilakaeraren berri eman. Hain zuzen jai horren gaineko ikerketa lana egin dute 2015ean jasotako Juan San Martin bekari esker, eta sasoi batean jai hori ospatzen zutenen esperientziak eta bizipenak jaso dituzte.

Heriotzaren gaineko ipuinak

Hitzaldia baino lehen,urriaren 24an, martitzena, ipuin kontaketa saioa izango da Ameli. ipuinen jostuna-ren eskutik –Amaia Elizagoien–. "Heriotzaren bueltako ipuinekin egingo digu bisita, eta musikarekin girotutako kontaketa izango da", dio Berrizbeitiak. Bi saio egingo dituzte bata umeendako, 17:00etan eta bestea helduendako, 19:30ean.

Gaba Baltza ospakizuna 

Urriaren 31ko jaia ume zein helduendako gertatu dute. Ludotekan elkartu (18:30) eta Mitarte kalean hasita (19:00) kantu eskean joango dira Herriko Plazaraino. Han egingo dute ekitaldi nagusia (19:45): "Ezustekoz beteta egongo da, eta bakarrik aurreratuko dugu dantza taldeak ere hartuko duela parte", dio Loramendiko teknikariak.

Mozorroa eta kantua

Gaba Beltzak derrigor behar du mozorroa eta hori zelakoa izan zehaztu dute antolatzaileek: alkandora zahar bat eta fraka ilunak, abarkak oinetan eta lastozko kapela buruan. Aurpegia, ostera, izara zuriarekin estalita, eta begi zuloak eta ahoa beltzez margotuta (goiko argazkian agertzen den lez). Hori gertatzeko mozorro tailerra egingo dute eguaztenean, urriaren 25ean, Algara ludotekan (17:00-19:00).

Kantua ere asmatu diote urriaren 31 ko ospakizunari. Loramendiren bueltako lagunek idatzi dute letra eta Aitor Ziardegi musikari aretxabaletarrak doinua.

Ikastetxeetan kantuaren berri eman dute –baita Youtuben ere– ikasten joan daitezen neska-mutikoak, eta urriaren 31n, hori kantuan eginda joango dira eskean Mitarte kaletik Herriko Plazaraino, han ekitaldi nagusiarekin bat egiteko. 

Hona hemen kantua:

Oilarrak kukurruku ta astuek arrantza, 

zerbaittek aztoratute jaiki die antza!

Arima txuriz bete da gure gaba baltza,

hilddekuek eta bizixak, dantza eta dantza!.

Dokumentuaren akzioak